Euskarak egun handia ospatuko du larunbat honetan Ermuan

01.12.16
Euskara

Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea. Horixe da abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, daukagun helburu nagusia. “Zer egin dezaket nik euskararen alde?” da aurtengo leloa, eta geure herrian hainbat ekitaldi antolatu dira egun polit hori guztion artean ospatzeko.

Ermuan Euskaraz Bagara programa larunbatean 12:00etan hasiko da herriko ikastetxeetako ikasleen eskutik. Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta prestatutako lanak aurkeztuko dituzte txikiek Orbe Kardinala plazan, eta jarraian, lau jai-giroko abesti kantatuko dira bertan.

Ospakizunak aurrera egingo du egunean zehar, eta 13:00etatik hasita, trikipoteo alaia egingo da plazan, Baldespinan, Goienkalen eta Zubiaurren, Merkatu plazan amaitu arte. Bertan, 14:00etatik aurrera, nahi duen orok parte hartu dezake bazkari autogestionatuan.

Arratsaldean, 16:30ean hasita, umeen jolasak egingo dira plazan, eta bertaratzen diren guztiei txokolatezko askaria ere emango zaie ordubete geroago. Euria eginez gero, ekintza horiek Merkatu plazan burutuko dira.

Era berean, 17:30ean salgai jarriko dira egunaren amaieran aireratuko diren 200 kriseiluak lortzeko txartelak. Tiket bakoitzak bi euroko prezioa du, eta aldez aurretik ere erosi daitezke Kaltxangon edota Euskal Birusan.

18:30ean Euskararen Eguneko adierazpena irakurriko da plazan, azaroaren 29ko osoko bilkuran Udalbatzak onartu duena. Ekintza hau ere, haurren jolasak eta txokolatada bezala, Merkatu plazan burutuko da eguraldia lagun ez badugu. Jarraian, jaia San Pelaioko parkera iritsiko da trikitilarien laguntzarekin, eta bertan kriseiluak banatu eta nola aireratu behar diren azalduko da.

Jaiari amaiera emateko, 19:15ean aireratuko dira 200 kriseiluak, euririk egiten ez badu behintzat. Borobiltzeko, abesti bat kantatuko da.

Eta zuk, zer egin dezakezu euskararen alde? Animatu zaitez, eta parte har ezazu egun sinboliko honen ospakizunean.

Lotutako albisteak

Imagen
23.06.25
Gaur San Juan sua, urteko gau laburrenean

Txindurri Dantza Taldeak eta Euskal Birusa Elkarteak antolatuta, udalaren laguntzarekin
Imagen
19.06.25
Appa hi! Ermuko Hitanoa ikasteko aplikazioa Android nahiz IOS sistemetarako

Udal Euskara zerbitzuak eta Badihardugu Elkartiak aurkeztu berri dute, Estibalitz Gonzalezen eta Fernando Aranberriren lanarekin hornituriko baliabidea
Imagen
22.05.25
Munduko hizkuntzei buruzko erakusketa ikusgai Lobianon

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte