315 pertsonak parte hartu dute irakurzaletasuna sustatzeko asteburuetako ekintzetan

02.12.16
Udal Liburutegia

Ermuko udal liburutegiak oso balantze positiboa egin du hiruhileko honetan asteburuetarako antolatu diren ekintzen inguruan, eskaintzen ziren plaza guztiak bete baitira. Guztira 315 pertsonak parte hartu dute orain arte egindako saioetan, eta kasu guztietan, eskainitako jardueren inguruan jaso diren iritziak oso positiboak izan dira.

Jarduera guztiak pasatu den urrian hasi ziren, bide ezberdinen bitartez euren berri eman ostean (informazio-liburuxka etxeetara bidaltzea, ikastetxeetan jakinaraztea, kartelak, albisteak udalaren webgunean, eta abar). Izen-emate epea hamabost egunez egon zen zabalik, eta eskaerak telefonoz, posta elektronikoz nahiz aurrez aurre jaso ziren. Plazak zozketa bidez esleitu ziren toki baino eskaera gehiago egondako jardueretan.

Familiei zuzendutako ekimenen artean, jada ezagunak diren Bularretik Mintzora euskarazko irakurketa klubak daude. Bi talde osatu dira, bata 3 eta 5 urte bitarteko umeentzakoa eta bestea 6 eta 8 urte artekoentzakoa, eta bietan, eskainitako 20 plazak bete dira. Klub horiek duela 5 urte hasi ziren Ermuan, eta oso harrera  daukate  herritarren artean. Egindako inkesten emaitzek erakusten dutenez, partaideen asebetetze maila oso altua da.

Hiruhileko honetan eskainitako berrikuntzetako bat Liburu Baby Kluba izan da. 0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten 24 familiak parte hartzen dute bertan, ingelesez, euskaraz eta gazteleraz. Bost aldiz bilduko dira guztira, eta hiru begiralek dinamizatuta, irakurketarekin lehen harremana aldi berean hiru hizkuntzetan izatea ahalbidetzen duen jarduera ludikoa da.

Leyendo y Aprendiendo gaztelerazko irakurketa kluba 4 eta 8 urte arteko neska-mutilei eta euren gurasoei zuzenduta dago. Guztiek parte hartzen dute ekimenean, familiek oso zeregin garrantzitsua jokatzen baitute umearengan  irakurzaletasuna sustatzeko prozesuan. 20 familia biltzen dira hilean behin, eta abestiak, olerkiak eta liburuak erakutsi eta komentatzen dira.

Hilean bitan elkartzen den Gazteentzako Irakurketa Klub Digitalean 9 eta 11 urte arteko 4 neskatok eta 5 mutikok parte hartzen dute. Liburutegiak tablet bana uzten die partaideei, irakurketara modu zabalean (testuala nahiz ikus-entzunezkoa) hurbiltzeko eta teknologia berriak, irakurketa eta kultura lotzeko. Onintze Goiti zeta Fernando Morillo idazleek eta Mikel Mendibil ilustratzaileek dinamizatzen dituzte tailerrak.

Story Time dute izena hiruhileko honetan zehar eskaintzen diren ingelesezko bi ipuin-kontaketek. Hauek aspalditik eskaintzen diren Arratsaldean Kontu Kontari euskarazko ipuin-kontaketen programazioa osatzen dute. Saioak larunbatetan 17:30ean izaten dira. Lehenengoan, azaroaren 5an izandakoan, 80 ume inguruk hartu zuten parte. Hurrengo saioetarako, plazak mugatuak izango dira, saioaren martxa egokia eta isiltasun baldintza aproposa bermatzeko.

Counting With Fingers matematika tailerreko hiru saioetatik lehenengo biak burutu dira dagoeneko. Ingelesez egiten den jarduera ludiko eta hezigarri berri hori 6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago, eta ingelesa praktikatzeaz gain, helburu nagusia matematikaren oinarrian dagoen arrazonamendu abstraktua zentzumenen eta esperientzien bidez lor daitekeela erakustea da. Saioetan gomiedroak, mosaikoak, kriptografia, tangram, mapak, eta abar erabiltzen dira. Orain arte 31 umek hartu dute parte tailer honetan. Nahiz eta adin tarte horretako umeek ingeles-maila desberdinak izan eta saioen martxa egokia nolabait oztopatu, Matematika-Txokoa taldeko begiraleek tailerraren helburu ludiko-matematikoa lortzen ari dela adierazi dute.

Azkenik, helduentzat Sormenezko Idazketa Tailerra antolatu da, eta 14 pertsonek hartzen dute parte bertan. Lau larunbatez, bi orduko saioetan, Miren Yurre Ugarte idazleak lengoaiaren alde ludiko eta askatzailea landuko du partaideekin, eta norberaren adierazpena bilatu nahian arituko dira.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ivan Repila idazleak amaiera emango dio irakurketa klubari, saio irekian

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean
Imagen
14.05.25
'Las maravillosas olvidas' tituluko poesia erretaldia

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.
Imagen
Ipuin kontaketa saioa antolatu du Liburutegiak
06.05.25
Denboraldiko azken "Arratsaldean Kontu Kontari" ipuin saioa

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean