Kultur agenda aberatsa estreinatuko du Ermuak 2017. urtearekin batera
Laster amaituko da 2016ko kultur ekitaldien programa, baina Ermua Antzokiak prest du jada 2017ko urtarriletik maiatzera bitarteko ikuskizunen egitaraua, ikus-entzule guztientzat moduko hogei ekitaldi baino gehiagorekin. Ohi bezala, musika eta antzerkia izango dira nagusi, eta urteko lehen bost hilabeteetan kolorez beteko dute Ermuko eszenatokia.
Herriko Sutegi Antzerki Taldeak izango du programa estreinatzeko ohorea, eta Federico García Lorca idazlearen “Yerma” antzezlana taularatuko du. Ikuskizuna pasatu den urriaren 7an antzeztu zen leku berean, eta arrakasta handia izan zuenez, urtarrilaren 13an, ostirala, berriro ikusteko aukera izango da 22:15etik aurrera.
Lehenengo ikuskizun honetaz gain, programa berrian hainbat antzezlan bildu dira, euskaraz nahiz gazteleraz. Telebistan hainbatetan ikusitako Andoni Agirregomezkorta, Tessa Andonegi, Mikel Losada ermuarra eta Aitziber Garmendia, esaterako, otsailaren 3an izango ditugu Ermua Antzokiko eszenatokian, “Jainko Basatia” komedia dramatikoa antzezten. Bestalde, hilabete bat geroago, Luis Bermejo eta Guillermo Toledo izango ditugu geure artean, “El rey” fikzioarekin.
Etxeko txikienek ere izango dituzte eurentzat moduko ikuskizunak herrian. Martxoaren 24an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek euren azken lana aurkeztuko dute, “Tipi, tapa korrika!”. Bi saio eskainiko dituzte, bata 17:00etan eta bestea 19:00etan.
Musika lagun izan dezagula!
Musikari dagokionez, kultur programa berriak aniztasun handia eskaintzen du, estilo eta jatorri ezberdinetako artista ugari ekarriko baitizkigu geurera.
Su Ta Gar eibartarrak izango dira urteko lehen hilabeteetako talderik esanguratsuenetakoa. Laukoteak urtarrilaren 27an Ermuan eskainiko duen kontzertua akustikoa izango da, “Maitasunari pasioa” disko berria aurkeztuz.
Otsailean, rocka alde batera utzi eta indie eta synthpop doinu ausartak nagusituko dira Miss Caffeina madrildarren eskutik. Hilaren 17an izango da euren emanaldia, 22:15etik aurrera.
Nostalgikoenek, aldiz, Radio Futurako abeslari ohi Santiago Auserónen kontzertuaz gozatzeko aukera paregabea izango dute martxoaren 17an. Oraingoan, gitarra baino ez du izango alboan Auserónek, eta bere ibilbide osoko abestiak joko ditu.
Azkenik, azpimarratzekoa da Bizkaiko jazz blues zirkuituak Ermuan geldialdia izaten jarraituko duela datozen hilabeteetan. Horri esker, Eva Fernández Group, Hendrik Röver y Los Míticos GTS eta Nick Moss Band bezalako taldeak entzuteko aukera izango dugu Lobiano Kulturgunean.
Sarrerak, asteartetik aurrera
Programan biltzen diren ekitaldi guztietarako sarreren aurretiazko salmenta asteartean hasiko da, abenduaren 13an. Saltokiak orain arteko berdinak izango dira: Lobiano Kulturgunea (Goienkale, 10) astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara, BBKren orotarako kutxazainak edota Kutxabanken webgunea.
Informazio gehiago behar izanez gero, jo Ermua Antzokiaren mikrositera.
Lotutako albisteak
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu