Ermuak aurrea hartuko dio urte amaierari eta ostiralean jango ditu mahatsak

26.12.16
Gizartea

Asteburua gabon giroan pasatu ostean, 2016. urteari agur esateko prestatzen ari gara jada, baina zergatik itxaron abenduaren 31ra, urteko azkeneko egunera arte? Aurreko urteetan egin den moduan, Ermuan urtezaharreko kanpaien aurrerapen jaialdia ospatuko da ostiral honetan.

Urte amaierara begira herria girotzen hasteko, ostegunean, abenduak 29, pintxopote tematikoa egingo da herriko 19 tabernetan. 19:00etan hasi eta 21:30era arte, pintxo bereziak dastatzeko aukera izango dugu honako lokaletan: Sagarra, Karikato, DQ Berria, Secretos, Yomy, Titanic, Jai, Hanigans, Txalaparta, Torrekua, Giroa, Sorgin, Infreñu, Akelarre, Ertz, Egogain, Scorpio, Dakota eta London.

Ostiralean, etxeko txikienek kanpaien aurrerapen jaialdia eta txokolatada ospatuko dituzte 18:30etik aurrera Orbe Kardinala plazan, Itziar txurro-dendaren eskutik. Askaria egin ostean, minidisko alaia izango dute leku berean, 20:30era arte. Bien bitartean, 20:00etatik aurrera, ekimenean parte hartzen duten 19 tabernetan Gabonetako kitak banatuko dira. Horietan, bi euroren truke, cava kopa bat, txapel bat eta hamabi mahats eskainiko dira. Taberna bakoitzean 40 txapel eta 40 mahats poltsatxo banatuko dira, eta kitak erosten dituzten pertsona guztiek urdaiazpiko baten, hiru Magnum cava botilaren eta beste hiru Magnum ardo botilaren zozketan parte hartuko dute.

Gauerdia gerturatu ahala, festa Orbe Kardinala plazara itzuliko da. 22:30etik aurrera, animazioa eta musika bideoak ikusteko aukera izango da bertan, eta ordubete geroago, urdaiazpikoa eta cava eta ardo botilak zozketatuko dira. Gaueko unerik garrantzitsuena 00:00etan iritsiko da, egun bateko aurrerapenarekin mahatsak jan eta urte berriari ongietorria emango baitzaio. Behin kanpaiak entzunda, festak parte hartzen duten tabernetan jarraituko du.

Programa osoa eta informazio guztia kartel honetan kontsultatu daiteke.

Lotutako albisteak

Imagen
19.05.25
2026ko Aurrekontu-partehartzaileen ‘Ermuak Erabakitzen du’ prozesuko bozketa zabalik

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena
Imagen
19.05.25
Gazteria Zerbitzuak 'Uda Gazte Jolasak' proposamena aurkeztu du

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne
Imagen
19.05.25
Zubi-Ondo enpresaren dokumentazio historikoa gehitu eta eskaintzen du Bertako bildumak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du