Matxalen Ziarsolo ermuarrak Sabino Arana 2016 Saria irabazi du

28.12.16
Kirolak

Orbea sozietate kooperatiboa ere sarituko du Sabino Arana Fundazioak urtarrilaren 29an egingo duen ekitaldian

Sabino Arana Fundazioak izen bera daramaten sarien XXVIII edizioko irabazleak jakinarazi ditu. Matxalen Ziarsolo emakumeen eskubaloiko jokalari ermuarra izango da sarituetako bat, eta urtarrilaren 29an jasoko du bere garaikurra 12:00etatik aurrera Bilboko Arriaga Antzokian egingo den ekitaldian.

Juan Mª Atutxak, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, eta Irune Zuluagak, erakundeko zuzendariak, aurkeztu dituzte 2016ko saridunak. Horrela, Matxalen Ziarsolo aintzatetsi eta saritu nahi izan dute bere kirol-ibilbide bikainagatik, koloreei eskainitako leialtasunagatik eta kirol-balioen arloan eredugarria izateagatik.

Izan ere, arrakastaz beteriko hamabost urteko ibilbidea garatu du Ziarsolok Bera Beraren lehen taldean, hau da, ohorezko mailan jokatu duen klub bakarrean. 2016an, Matxalenek amaiera eman dio kirol-ibilbideari, erregistro ikaragarriak lortuta. Bera Bera taldeko jokalariak eta kapitainak 1.400 gol baino gehiago sartu ditu, eta Donostiako taldearen hamalau tituluak eskuratu dituen jokalari bakarra izan da. Gainera, hamaika aldiz izan da jokalari internazional.

Horregatik guztiagatik, eta arrakasta eta garaipenetatik haratago, Ziarsoloren giza kalitatea azpimarratu nahi izan du Sabino Arana Fundazioak. Horren erakusgarri, aldagelaren barruan nahiz kanpoan jaso izan duen estimu handia dugu.

Orbea kooperatibari saria

Urtarrilaren 29an banatuko diren sarietako bat Orbea sozietate kooperatiboak jasoko du, 175 urte baino gehiagoko esperientziagatik. Fundazioak negozia berrantolatzeko izan duen gaitasuna goraipatu nahi izan du, eta lasterketako eta mendiko bizikletak fabrikatzen dituen nazioarteko erreferentea bihurtzeagatik.

Orbea 65 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta enpresa arrakastatsuaren adibide gisa ikasten da unibertsitateetan. Estatuko merkatuan nagusi da, eta munduko hamar bizikleta-marka ospetsuenen artean dago; beraz, euskal industriaren bandera-ontzietako bat dugu nazioartean. Sabino Arana Fundazioko arduradunen esanetan, sariak produktu asko garatzeko gaitasuna  aitortzen dio enpresari, bizikletez gain, kaskoak, hidratatzeko bizkar-zorroak, lanabesak eta txirrindularitzako arropa saltzen baititu, guztiak ere berrikuntzan eta enpresak berak sortu eta diseinatutako produktuetan oinarrituta.

Sabino Arana Fundazioak ematen dituen sariak urtero-urtero banatzen dira euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta. Sari horien bidez, Fundazioak aitortza egiten die gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasun agerikoa erakusten duten pertsona, erakunde edo elkarteei.

Matxalen Ziarsoloz eta Orbea kooperatibaz gain, 2016an honakoek jasoko dituzte sariak: Pedro Luis Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu ohi eta Ekonomia Itunaren aitak; EGIBIDE “Diocesanas-Jesús Obrero” Fundazioak; Tolosako Ekinbide Etxeak; eta Guernica margolanak.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
‘Mugiment Pausu Erronka!’ hastear

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra
Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke