Diseinuzko Gabonak Ermuko AECCren Mahai Apaingarrien Lehiaketaren eskutik

29.12.16
Gizartea

Parte hartu duten pertsona guztien jarrera positiboari esker, Ermuko Minbiziaren Aurkako Elkarteak urtero antolatzen duen mahai apaingarrien lehiaketa erabateko arrakasta izan da aurtengoan, bai sarien aldetik, baita salmenten aldetik ere. Parte-hartzaile guztiek jasotzen dute zerbait lehiaketa honetan, dela sarietako bat, dela guztiei ematen zaien oparitxo bat. “Beste behin, parte-hartzea oso altua izan da, orain arteko onena”, azaldu dute elkarteko ordezkariek.

Aurkezten diren apaingarriek ezin dute 12 euro baino gehiagoko kostua izan, eta gutxi horrekin, saria lortzeaz gain, kausa on baten alde lan egin daiteke. Aurtengo edizioan 42 lan aurkeztu dira haurren kategorian, eta 57, aldiz, helduenean. Horietatik guztietatik 70 saldu dira eta 840 euro lortu dira minbiziaren aurkako ikerketarako.

Haurren kategorian, helburua ez da elkarren artean lehiatzea; beraz, kontuan hartu diren alderdiak birziklapena, umore ona, sortzaile izatea eta Gabon jaietako izpiritua izan dira, besteak beste. Hortik abiatuta, epaimahaiaren boto gehien jaso zituen apaingarria Areli Alonso Canok egindakoa izan zen. 9 urteko haurrak galtzerdiekin, egunkariekin, kartoiarekin eta kortxoarekin egindako lana aurkeztu zuen, eta lehen saria irabaztea lortu du horri esker. Apaingarriaren truke, Scalextric bat, Txanogorritxo antzezlana ikusteko sarrera bat eta eskolako materiala eraman zituen etxera. Davinia Sevillano Ramírezek birziklatutako materialekin eraikitako apaingarri onenaren saria eskuratu zuen, eta haurren kotxe bat, antzezlan bererako sarrera eta eskola materiala lortu zituen. Apaingarri dibertigarrienaren sariari dagokionez, 7 urteko Elien Aguado izan zen garaile, eta auto telegidatua, beste sarrera bat eta eskola materiala jaso zituen. Azkenik, haurren kategoria amaitzeko, June Hernandok apaingarri tradizionalaren meritua eskuratu zuen. Horren truke, teleskopioa, eskola materiala eta Antzokirako beste sarrera bat lortu zuen. Antolatzaileek azaldu dutenez, “gero eta haur gehiagok hartzen dute parte lehiaketan, eta apaingarri ederrak diseinatzen dituzte. Herriko txikienengana iristea arrakasta handia da guretzat”.

Helduen kategoriari dagokionez, antolatzaileek azaldu dute urtetik urtera gehiago harritzen direla aurkezten diren lanek duten mailarekin. “Ia-ia profesionalak dira, eta oso harro gaude”, diote. Onena Mari Carmen Gómezek aurkeztutakoa izan da, adarrekin, zaku oihalarekin, lazoekin eta botila batekin egina. Mugartearen koadro bikain bat, produktuen lote bat, Pelos ileapaindegian orrazteko aukera eta Doña Anita dendako loteria dezimo bat jaso zituen sari gisa. Bigarren saria Itsaso Alonso keta bere aitak eskuratu zuren, euren lanaren originaltasunari esker. Izan ere, freskagarri latekin egindako Gabonetako koru bat osatu zuten. Horri esker, Mugartearen margolan bat, Mañe landa hotelean bi pertsonentzat gau bat, Disdira ileapaindegian orrazteko aukera eta Modas Cande dendas eskainitako arropa lortu dituzte. Antolatzaileek hirugarren, laugarren eta bosgarren sailkatuei ere sariak eman zizkieten.

Ermuko Minbiziaren Aurkako Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei egindako ekintza guztiek izan duten harrera onagatik, eta urtero hala jarraitzea espero dute. Donazio gisa eman diren eta saldu ez diren apaingarri guztiak banatu egin dira: parte hartu duten dendetara, jubilatuen egoitzara, liburutegira, erresidentziara… “Gabonak iristen diren bakoitzean, lehiaketa hau ohitura bihurtzen ari gara. Jendeak gauza politak aurkezten ditu urtero, eta haurrek duten ilusio guztia jartzen dute apaingarri sortzaileak egiteko. Horri guztiari esker egiten dugu aurrera, eta egiten dugunean hobetzeko gogotsu uzten gaitu”.

Lotutako albisteak

Imagen
19.05.25
2026ko Aurrekontu-partehartzaileen ‘Ermuak Erabakitzen du’ prozesuko bozketa zabalik

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena
Imagen
19.05.25
Gazteria Zerbitzuak 'Uda Gazte Jolasak' proposamena aurkeztu du

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne
Imagen
19.05.25
Zubi-Ondo enpresaren dokumentazio historikoa gehitu eta eskaintzen du Bertako bildumak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du