Artarrai, Ermuko VII. Erakusleihoen Lehiaketako epaimahaiaren garailea

30.12.16
Gizartea

Oraindik garaiz zabiltza sari herrikoiaren irabazlea hautatzeko

Gabonetako Erakusleihoen Lehiaketaren zazpigarren edizioak abian jarraitzen du, eta 29 denda parte-hartzaileek euren aurpegirik onena erakusten dihardute Ermuko biztanleriaren aurrean. Lehiaketako epaimahaiak azken egunetan erakusleiho guztiak bisitatu ditu, eta jada aukeratu du aurtengo irabazlea.

Erabakia ez da batere erraza izan, baina epaimahaiko kide ezberdinen puntuazioak ikuskatu eta kontuan izan ostean, lehenengo saria Artarrai dekorazio dendak irabazi du. Bigarren sarirako ere lehia oso estua izan da, baina azkenean Oh LaLa arropa dendari eman zaio, lehiaketa honetan lehenbizikoz.

Erabakia hartu ahal izateko, epaimahaiak alderdi desberdinak hartu ditu kontuan puntuazioa ematerako garaian, hala nola, sortzaile izatea, originaltasuna, argitasuna, diseinua, produktuaren beraren integrazioa, konposizioa osatzeko zailtasuna, kontzeptua bera eta aurkezpena. Alderdi horiek guztiak baloratu ostean hartu da azken erabakia.

Ermuko Udaleko Toki-Garapen Alorrak antolatu du lehiaketa aurtengoan ere, eta izandako parte-hartze handia azpimarratu nahi izan du, iaz baino denda bat gehiago animatu baita; lehiaketara aurkeztutako lanen kalitatea ere kontuan izan dute antolatzaileek. Jesus Portugal bozeramailearen hitzetan, “kontuan hartzekoa da zenbait dendak arazoak izaten dituztela, bai saltzen duten produktuaren izaeragatik, baita erakusleihoen beraien dimentsioengatik ere”.

Lehen saria irabazi duenez gero, Artarrai dendak 600 euro jasoko ditu, eta bigarrenak, OhLaLak, aldiz, 150 euro. Kopuru horiekin denda hobetzeko edo modernizatzeko analisia eta proiektua egin beharko dituzte, lehiakortasuna areagotzeko.

Bozka ezazu herritarren saria, zeuk ere irabazi dezakezu

Lehiaketa oraindik ez da amaitu; herritarren saria falta da, eta 150 euro emango dizkio denda bati hark ere bere proiektua hobetu eta lehiakortasuna gehitu dezan. Irabazlea urtarrilaren 9an ezagutuko da, eta udalaren webgunean ematen diren botoek erabakiko dute zein izango den.

Botoa emateko epea urtarrilaren 5ean amaituko da, osteguna. Gainera, aukeraketan parte hartzen duten pertsona guztien artean, lehiatzen ari diren dendek eskainitako produktuekin osatutako lote bat zozketatuko da, iritziak eta parte-hartzea eskertze aldera.

Lehiaketa honen helburua merkatariek euren erakusleihoak apaindu eta janztea da, Gabon giro ederragoa eta koloretsuagoa izan dezagun herrian. Parte hartzen ari diren 29 dendek urtarrilaren 6a arte izango dituzte apainduta euren erakusleihoak.

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
Langabeentzako lan-orientazioko programa abian da

Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Imagen
03.12.25
'Los perros' dantza ikuskizuna aurkeztuko Antzokian

‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.