Abian da 2017ko Martxoaren 8ko kartel lehiaketa
Martxoaren 8an ospatzen da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Ermuko Udaleko Berdintasun Sailak eta Emakumearen Kontseiluak egun horretarako zabalduko den kartela hautatzeko lehiaketa antolatu dute beste urte batez. Deialdi honen helburua feminismoaren borroka eta emakumeen partaidetza soziopolitikoaren ikuspuntutik, berdintasunaren ideia islatzen duen diseinu bat aukeratzea da.
Adinez nagusi diren pertsona guztiei zabalik dago lehiaketa, bai banaka, baita taldeka ere. Partaide bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahalko ditu, originalak, inon argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketatan sarituak izan ez direnak. Kartela osatzeko erabilitako kolorea eta teknika aukerakoak izango dira, eta derrigorrez “8 de Marzo-Día Internacional de las Mujeres 2017ko Martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Eguna” esaldia agertu beharko da bertan. Gainera, testu gehiago sartu nahi izanez gero, euskaraz nahiz gaztelaniaz egin beharko da. Lanaren neurriak ondokoak izango dira: gutxienekoa 45x30 zentimetro, eta gehienezkoa 65x40, eta luma-kartoi gainean eta kristalik gabe aurkeztuko dira. Gainera, CD edo antzerako euskarri batean lanaren argazki edo irudia aurkeztu beharko da. Lehiaketan ez dira onartuko euskarri informatikoan soilik aurkezten diren lanak, lanaren kopia fisikoa ere eskatzen baita. Lanak aurkeztearen inguruko xehetasun guztiak honako estekan topatu daitezke.
Proposamenak behar bezala estalita eta babestuta aurkeztu beharko dira, eta azalean “MARTXOAREN 8ko KARTEL LEHIAKETA. 2017” leloa idatzita eduki beharko dute. Egilearen datuak (izen-abizenak, adina, helbidea, telefonoa, eta egilearen curriculum laburra) lanekin batera aurkeztuko dira, baina gutunazal itxi batean, NANaren fotokopiarekin eta, nahi izanez gero, lanaren inguruko azalpen labur batekin batera.
Lanak Abiapuntun aurkeztuko dira, lanegunetan, 8etatik 15etara. Ermuko Konbentukoa kaleko bulegora ere bidali daitezke posta bitartez. Proposamenak jasotzeko epea otsailaren 8an, asteazkena, 15:00etan amaituko da.
600 euroko saria irabazlearentzat
Epaimahaikideak artearen munduko profesionalak eta Emakumearen Udal Kontseiluko ordezkariak izango dira, eta Beatriz Gamiz Berdintasun Saileko zinegotzia izango da mahaiburua. Epaimahaiak otsailaren 13an aukeratuko du garailea, eta hurrengo egunean emango zaio horren berri.
Irabazleak 600 euroko dirusaria eta diploma bat jasoko ditu, eta Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta egingo diren egitarau eta karteletan agertuk oda bere lana.
Bestalde, lehiaketara aurkezten diren lan guztiak Emakumeen Topalekuan izango dira ikusgai martxoaren 1etik 31ra. Egileek saritu gabeko lanak jaso ahal izango dituzte hilabeteren buruan apirilaren 4tik aurrera. Epe horretan lanak jaso ezean, egileek jabetzari eta lana berreskuratzeari uko egiten diotela suposatuko da eta, gerora, ez da inolako erreklamaziorik onartuko.
Lehiaketan parte hartzeak oinarriak eta epaimahaiaren azken erabakia onartzea dakar. Oinarri-arauak honako estekan kontsultatu daitezke. Informazio gehiago behar izanez gero, Ermuko Emakumeen Topalekuarekin harremanetan jarri daiteke Izelaieta kaleko 12 zenbakian, 943 17 10 30 telefono zenbakian edota www.ermua.es webgunearen bitartez.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan