Serious Games Camp ekitaldiaren lehen edizioa ospatuko da Ermuan
Ermuko Udalak eta Izarra Fundazioak gure herriko lehenengo Serious Games Camp ekimena antolatu dute datorren urtarrilaren 25erako, asteazkena, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko Sailaren diru-laguntzarekin. Gizarte teknologien inguruko topaketa izango da, eta Izarra Centre eraikinean ospatuko da.
Serious gamesak –dibertsio hutsa helburu nagusitzat ez duten jokoak– eta alegiazko errealitatearen eta errealitate areagotuaren teknologiek hezkuntza, prestakuntza eta osasunaren sektoreetan sortzen ari diren iraultza eta gaur egungo gizarte erronkei aurre egiteko baliagarriak direla erakustea da jarduera horren helburua.
Ermuko lehenengo Serious Games Campak prestakuntzari, teknologien erakusketari eta ekintzailetzari eskainitako gune ezberdinak izango ditu. Horrela, bertaratzen diren pertsona guztientzat irekia eta doakoa izango den programa eskainiko da. Profesional ezberdinek euren ezagutza eta esperientzia partekatuko dituzte diseinuaren, teknologiaren, negozio ereduaren, gizarte eraginaren eta finantzaketaren eremuetan.
Horrekin batera, enpresek eta unibertsitateek euren produktu berritzaileenak erakusteko gune bat egongo da. Bertaratzen diren pertsonek serious gamesetan eta teknologietan berriena probatzeko aukera izango dute: errealitate birtuala, errealitate areagotua, mugimenduaren atzematea eta ahotsaren ezagutzea, esaterako.
Testuinguru horretan, enpresek, pazienteen kolektiboek, medikuen komunitateak eta hezkuntza komunitateak merkatuan dauden produktu edo teknologiek betetzen ez dituzten eta eurek aurre egiten dieten arazoak/beharrak ezagutarazteko aukera izango dute. Egindako proposamen guztien artean bat hautatuko da eta lau hilabetez diziplina anitzeko talde batek garatuko du.
Azkenik, pertsona ekintzaileek mentoreen, inbertitzaileen eta enpresen aurrean euren proposamenak aurkezteko aukera izango dute. Proiekturik berritzaileenak eta gizartean eragin handiena izan dezakeenak 9.000 euroko diru-laguntza jasoko du Izarra Fundazioaren eskutik. Proiektua Izarra Centren garatu beharko da, eta jarduera horretarako bertako azpiegiturak eta negozioa sendotzeko beharrezkoak dituen laguntza zerbitzuak dohain izango ditu 6 hilabetez gutxienez.
Serious Games Camp ekimenaren lehen edizioan parte hartu nahi izanez gero, izena eman dezakezu esteka honetan. Gainera, ekitaldien programa osoa kontsultatu dezakezu hemen.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena