VI. Tokiko Gizarte-Hezkuntza Mahaia ostiral honetan bilduko da Lobianon

16.01.17
Hezkuntza

“Bigarren belaunaldiak eta eskola. Etorkinen seme-alaben integrazioa hezkuntza sisteman”. Izenburu horrekin aurkeztuko da ostiral honetan, urtarrilak 20, Ermuko Tokiko Gizarte-Hezkuntza Mahaiaren seigarren edizioa. Bost hitzaldik osatzen dute aurtengo programa, eta guztiek eskola eta kulturartekotasuna dute ardatz.

Carlos Totorika alkateak emango dio hasiera egunari 09:00etan Lobiano Kulturgunean, eta 09:15ean Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko irakaslearen txanda izango da. 45 minutuko hitzaldia eskainiko du Barquínek, kultura arteko hezkuntzaren, eskolaren eta dibertsitatearen erronken inguruan.

Jarraian, Arkaitz Fullaondo Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiko ikerlariak hartuko du parte, etorkinen seme-alabak ikasgeletan gai nagusitzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko datuak eskaintzeko. 10:45etik 11:15era etenaldia egingo da kafea eta atsedena hartzeko, eta horren ostean, Berritzegune Nagusiko Joseba Ibarra arituko da Lobianon, eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana aurkeztuz.

Udal Immigrazio Zerbitzuak eta Etorki(n)zuna Elkarteak interbentzio labur bat egingo dute 11:45etik aurrera kultura-bitartekaritzako komunitate-zerbitzuaren eta familien eta hezkuntza-komunitateen inguruan.

Azkeneko hitzaldia Miribilla ikastetxe publikoko IGEko boluntario den Begoña Lasa irakasle erretiratuak emango du. Bere eskutik familiekiko harremanetan jardunbide egokiak zeintzuk diren ikasiko dugu 12:00etatik 12:30era.

Tokiko Gizarte-Hezkuntza Mahaiaren VI. edizio honi amaiera emateko, bertaratzen diren pertsonek egunean zehar landutako gaien inguruko euren gogoetak partekatzeko eta debatean aritzeko aukera izango dute.

Gogorarazten dizuegu saioa irekia eta doakoa dela, eta gehienbat herriko ikastetxeetako profesionalei, bertako Ikasleen Gurasoen Elkarteetako kideei eta herriko hezkuntza eta gizarte elkarteei zuzenduta dagoela.

Jardunaldian parte hartu ahal izateko, 943 17 91 62 telefono zenbakira deitu edota lmoya@udalermua.net helbidera idatzi daiteke.

Programa osoa kontsultatu nahi izanez gero, sakatu hemen.

Lotutako albisteak

Imagen
01.12.25
I. Gabonetako Postal Lehiaketaren emaitza erabakita

LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da
Imagen
28.11.25
‘Beldur Barik Ermua’ lehiaketak bi kategoriako bost talde saritu ditu

Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Imagen
IX. Haurren Kontseiluko kideak, adineko pertsonak eta udaleko teknikariak liburutegiko sarreran | El IX Consejo de la Infancia con personas mayores y técnicos/as del ayuntamiento en la entrada de la biblioteca
19.11.25
Ermuko Haurren Kontseilua, Errekalden bisitari

12 kontseilari txikiek txangoa egin dute Errekalde auzora, aurtengo erronka burutzeko informazio gehiago jasotzeko