Ermuan odola emateko dei ezohikoari erantzuteko bi aukera izango dugu aste honetan
Ermuko Odol Emaileen Elkarteak (Donaser izenekoak) odola emateko bi saio berri antolatu ditu aste honetarako. Lehena, bihar, urtarrilak 19ko ostegunekoa izango da eta bigarrena, larunbatean, hilaren 21ean. Nahi dugun bizilagun guztiek odola eman ahal izango dugu, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak herrira ekarriko duen unitate mugikorrean. Unitate hori bihar elkarteko egoitzaren aurrean jarriko da, Bizkaia Etorbidean eta anbulatorio zaharraren aurrez aurre. Unitate Mugikor hori egun osoan Ermuan izango da eta odol-emateak goiz nahiz arratsaldean egin ahal izango dira. Goizeko ordutegia 9:15etatik ordu 2etara bitartekoa da eta, arratsaldekoa berriz, lau eta erdietatik gaueko bederatziak bitartekoa.
Euskadiko Odol emaileen elkarteak deia egin du emaileak kalerik egin gabe ematera joan gaitezen, "Erkidegoko odol erretserbak bermaturik mantentzeko premia baitago, Eguberri eta Gabonetan %50era jaisten direlako". Hortaz jada emaile direnak eutsi eta ez direnak bat egiteko eskatzen zaigu.
Larunbatean ere, odol emaileok aukera berri bat izanen dugu, beste unitate mugikor bat etorriko baitzaigu herrira. Autobus hori goizeko 9:15etatik arratsaldeko ordu 2etara bitartean egongo da Zubiaurre kalean Valdespinako Markesaren kalean jarri ordez, kale horretako eta Probalekuko zama-lanetarako gune berriak ez oztopatzeko.
Odol-emaileok jakinaren gainean gaude, deialdiero sms eta e-posta bidezko mezuak jasotzen baititugu gure esku telefono eta ordenagailuetan, non jakinarazten zaigun deialdiaren berri. Mezua transfusio Euskal Zentroarena da eta horretan eskerrak ematen zaizkigu gure laguntzagatik. Herritarrek ere, jakinaren gainean daude, Donaser elkarteak, kartelak jarri baititu etxebizitzetako atarietan.
Lotutako albisteak
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.