FITUR azokaren erakusleihoan promozioa egiten ari da Debabarrena
Debabarrena eskualdea datorren igandera arte promozionatuko da Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokan. Bertan, Debabarrena eskualdea naturaz eta turismo jasangarriaz gozatzeko leku egoki gisa promozionatuko da; aurtengo edizioaren leitmotiv edo funtsa nagusia turismo jasangarriaren sustatzea baita.
Debabarrena eskualdea FITURen da beste behin, eskualdea eta bere eskaintza turistikoa promozionatzeko xedez. Madrilgo turismo topagune ospetsuak Turismo Jasangarriari eman nahi dio garrantzia edizio honetan eta espero da Debabarreneko eskaintza turistikoak bisitari asko erakartzea, eskualdearen apustu turistikoa ildo horretatik baitoa. Madrilera gure eskualdeko ordezkari taldea joan da: Mutriku, Deba, Eibar eta Ermuko udaletako kideak; Debegesa Garapen Agentziako Turismo saila; Deba eta Mutrikuko Turismo Bulegoak, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak.
Euskadi-Basque Country standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, Debabarreneko erakargarritasunen berri emango zaie bisitariei: proposamen turistiko desberdinen gaineko informazioa, eskualdeko herriei buruzko beti ere, noski, Debabarreneko baliabide turistiko nagusiena azpimarratuz: Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea (Mutriku, Deba eta Zumaiak osatua). Horren harira, nabarmentzekoa da Geoparkeak aurten presentzia bikoitza izango duela Fitur turismo azokan. Batetik, Euskadi-Basque Country-ko standean izango du lekua eta, bestetik, baita Europako UNESCO Geoparkeen Sareak turismo azokan izango duen txokoan ere.
Era berean, bertaratu den eskualdeko ordezkaritzak Eibarko Armagintzaren Museoaren X. urteurrenaren berri emango die bisitariei, orain hamar urte ateak ireki zituenetik erakarpen turistiko bihurtu baita, eskaintzen dituen behin-betiko erakusketa eta bisita gidatuak tarteko.
Debabarrenak gero eta bisitari gehiago erakartzen du
2016an, eskualdeko bi turismo bulegoek, Deban eta Mutrikun, 42.775 bisitari hartu zituzten guztira, 2015. urtean baino %11,7 gehiago.
Halaber, Done Jakue bidea egiten duten eta Deban geldialdia egiten duten erromesen kopurua gorantz doa. 2016an guztira 12.250 erromesek gaualdia egin zuten Deban, %17 gehiago.
Jatorriari dagokionez, %34,4 Estatutik dator, %33,2 Euskaditik eta %31 nazioarte mailakoa da.
Lotutako albisteak

Ostiralean Izarra Centren, 9: 30etatik 14:00etara gauzatuko den jardunaldian

Zure iritzia garrantzitsua da! Erantzun inkestari eta parte hartu saio irekietan

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan