Liburutegiak urtarrila-maiatza denboraldirako programazioa aurkeztu du
Ermuko udal liburutegiak irakurzaletasuna sustatzeko jardueren programazio zabala aurkeztu du urteko lehen lauhilekorako. Asteburutan zein lanegunetan ekintza ezberdinak egongo dira, eta parte hartu ahal izateko baldintza bakarrak liburutegiko bazkide izatea eta dagokion epean izena ematea dira. Plaza mugatuak dituzten ekintzen kasuan, izena ematen duten pertsona guztien artean zozketa egingo da.
Umeei, gazteei, helduei eta familiei zuzendutako ekimenak jaso dira programan, eta euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez garatuko dira.
“Bularretik Mintzora” eta “Liburu Baby Kluba” umeentzako irakurketa kluben, gaztetxoentzako irakurketa klub digitalaren, gaztelerazko, ingelesezko, euskarazko eta frantsesezko irakurketa kluben eta ingelesezko eta frantsesezko mintzapraktika kluben kasuan, urritik abendura parte hartu duten pertsonek ez dute zertan izena eman berriro ere. “Leyendo y Aprendiendo” umeentzako irakurketa klubean parte hartu ahal izateko, aldiz, interesatu guztiek izena eman beharko dute.
Larunbatetako ekintzen kasuan, honakoetan izango dira saio berriak:
- “Liburu Baby Kluba”: 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera hirueleduna (ingelesa, euskara eta gaztelera) da, ludikoa eta didaktikoa. Umeak heldu batekin egongo dira, eta liburu bat ardatz hartuta, txikitatik eta familian irakurketarekiko, musikarekiko. Artearekiko eta naturarekiko interesa piztea da helburua.
- “Leyendo y Aprendiendo”: 4 eta 8 urte arteko umeei zuzendutako gaztelerazko irakurketa kluba da. Heldu batekin lagunduta, literaturaren eta artearen mundu magikoa ezagutuko dute liburuen bidez.
- “Counting with fingers” matematika tailerra: ekimen ludiko eta hezigarria ingelesez, 6 eta 11 urte bitarteko umeei zuzendutakoa. Helburu nagusia arrazonamendu abstraktoa, matematikaren oinarrian dagoena, zentzumenen bidez eta gure bizitza errealeko esperientziaz lor daitekeela erakustea da. Gomiedroekin (gominolaz egindako poliedroak), mosaikoekin, kriptografiekin, mapekin, etab. egiten da lan.
- Helduei zuzendutako Sormenezko Idazketa Tailerra: gazteleraz, lengoaiaren alde ludiko eta askatzailea lantzen dira norberaren espresioaren bilaketaren bidean.
Honez gain, lauhileko honetan haurrentzako ipuin kontaldien kopurua handituko da eta hilean bi izango dira, bat euskaraz eta beste bat ingelesez. Sarrera librea izango da, baina plaza mugatuekin. Lobiano Kulturgunean burutuko dira ipuin kontaldiak, larunbat arratsaldetan, 17:30ean.
Astelehenetik ostiralera burutzen diren ekimenen kasuan, honakoek jarraituko dute:
- Helduentzako irakurketa klubak euskaraz eta gazteleraz, hilean behin biltzen direnak.
- Ingelesezko eta frantsesezko irakurketa klubak, bi hilean behin biltzen direnak.
- Astero batzen diren ingelesezko eta frantsesezko mintzapraktika taldeak.
Epe honetan komikien irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina ere burutuko da. Liburutegian material desberdinen erakusketa egingo da, egileek dedikaturiko komikiak zozketatuko dira, eta komiki tailerrak eta literatura genero honen inguruko irakurketa klubak landuko dira ikastetxeekin elkarlanean.
Idazleekin topaketak ere egingo dira, bai irakurketa klubetan, baita eskolekin elkarlanean egindako programetan ere.
Jarduera hauen guztien inguruko informazioa webgunean kontsulta daiteke edo liburutegian bertan eta Abiapuntun. Edozein argibidetarako, liburutegira joan edo 943 17 92 12 telefono zenbakira deitu daiteke.
Lotutako albisteak

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean