Asteburu gorabeheratsua Aitor Hernandezentzat Holandan

23.01.17
Kirolak

Aitor Hernandez txirrindulari ermuarra nazioarteko bi lasterketatan lehiatu da asteburu honetan Holandan, 2016-2017 denboraldiko Ziklokrosseko Munduko Kopako azken karreretan. Specialized-Ermua Impulsoko kirolariak oso emaitza ezberdinak lortu ditu bi lasterketetan, eta hotza izan da protagonista.

Larunbatean, Rucphen C2 UCI lasterketan, zortzigarren postu arrakastatsua eskuratu zuen Hernandezek, duela bi urte bezala. Herbehereetako proban hotz handia egin arren, ermuarrak maila handia erakutsi zuen, eta hasiera nahiko okerra egin ostean, erasoan aritu zen lasterketa osoan zehar. Horrela, ordu eta hiru minutuz postuan gainditzen joan eta gero, zortzigarren postuan iritsi zen helmugara, Lars Van Der Haar irabazlea baino bi minutu beranduago.

“Lasterketa polita izan da niretzat, ongi sentitu naiz eta gustura joan naiz bizikleta gainean. Holandan nazioarteko proba batean zortzigarren postua eskuratzea pozgarria da beti, zazpigarrenetik lau segundora baino ez, gainera. Pena da egunean zehar hainbeste postu gainditzen joan behar izana, baina emaitza ondo egindako lanaren erakusle da”, azaldu zuen Hernandezek lasterketa amaitzean.

Igandean, lehia Hoogerheide herrian izan zen, eta Aitor Hernandezek 55. postua baino ezin izan zuen eskuratu. Hasieratik okertu zen eguna ermuarrarentzat, lehenengo itzulian erori eta emaitza ona lortzeko aukera guztiak galdu baitzituen. Lasterketa osoan zehar borrokan aritu arren, 55. iritsi zen helmugara, Lars Van Der Haar irabazletik oso urrun.

“Oso egun zaila izan da, hasieratik ezinean. Lehenengo itzulian eroriko gogorra izan dut, eta horrekin jada gaizki joan naiz lasterketa osoan. Dena dela, ez dadila aitzakia izan, gaur ez ditut atzo bezalako hankak izan. Oso nekatuta nengoen, baina alde onarekin gelditzen naiz, atzo izandako sentsazio onekin, alegia. Denboraldiaren une honetan bi egun jarraian lehiatzea oso gogorra da, eta kostatu egiten da errekuperatzea. Beraz, orokorrean asteburuko balantzea ona dela esango nuke”, adierazi zuen Hernandezek Hoogerheiden.

Lotutako albisteak

Imagen
Espacio termolúdico y de spa en la piscina del polideportivo de Ermua
10.02.26
Mantentze lanak egingo igerileku txikian, span, lurrun-bainuan eta saunan

Igande arratsetik asteazkenera bitartean zerbitzuz kanpo egongo eta ezin izango dira erabili
Imagen
03.02.26
‘Minbiziaren Kontrako Mundu Egunean' arreta gizatiarragoa eta integralagoa aldarrikatuko

Herriko bolondresak informazio mahaia, Ermua KEko taldeetan besokoa eta argiztapen berde berezia Antzokian eta udaletxean
Imagen
05.12.25
Aurten sarituak izango diren kirolari eta kluben zerrenda ezagutu nahi?

Herriko elkarteen artean bozketa bidez hautatutakoak Kirolaren I. Galan omenduak izango dira