Ermua Antzokiak otsaileko zine programazioa aurkeztu du
Ostegun honetan hasiko da Ermua Antzokiko hileko zine programazio berria. Otsailean guztira hamasei pelikula izango ditugu ikusgai, bai helduentzat, baita haurrentzat ere. Ermuak egun karteldegian dauden filmik onenak nahiz otsailean zehar estreinatuko direnak eskainiko ditu datozen asteetan.
Hilero bezala, Lobiano Kulturgunean nahiz Ermua Antzokiko leihatilan eskuragai izango dira bonoak. Horiekin, zine komertzialeko zortzi pelikula eta lau zineklub saioetara joateko aukera izango da, film bakoitzeko 1,2 euro bakarrik ordainduta. Hil honi dagokionez, otsaileko bonoa 14,40 euroren truke izango da salgai.
Asteko zine programazioa ostegunean hasiko da, otsailaren 2an, zineklub saioaren eskutik. Bertan, Mimosas film espainiarra eskainiko da, Oliver Laxe jatorri galiziarreko zuzendari frantziarraren azken pelikula. Mimosas akziozko pelikula sendoa eta, aldi berean, drama eraginkorra da, eta Canneseko kritikaren saria eta Sevillako jaialdiko epaimahaiaren sari berezia eskuratu ditu. Westerna eta abangoardia uztartzen ditu zintak, eta zine menderaezinaren aldeko apustu irmoa da. Karabana batek hilzorian dagoen agure bat darama Marokoko Atlas mendikatea zeharkatuz. Bidean zehar hiltzen denean, jarrera arraroa erakusten duten bi pertsonak soilik lagunduko diote alargunari ibilbide arriskutsua igarotzen. Mimosas ostegunean 20:30ean eskainiko da jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertzialari dagokionez, larunbatean 19:30ean Vuelta a casa de mi madre film frantziarra eskainiko da, Eric Lavainek zuzendua eta Josiane Balasko artista protagonista duena. 40 urte ditu Stephaniek, lana galdu du eta bere senarrak utzi egin du. Egoeraren presioa dela eta, bere amaren etxera itzultzea erabakiko du. Honek gustura hartuko du alaba etxean, baina elkarbizitza ez da erraza izango. Entretenimendu jatorra eta alaia da, egungo uneko analisi soziologikoari muzin egin gabe. Irribarretsu ikusteko moduko filma da, baita nahi izanez gero bigarren irakurketa bat egiteko ere. Larunbatean eskaintzeaz gain, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere ikusgai izango da Vuelta a casa de mi madre.
Asteburuko bigarren filma zinearen historiako maisu handietako baten azken lana da. Martin Scorsese zuzendari lanetara itzuli da Silencio pelikularen eskutik. Andrew Garfield eta Adam Driver protagonista dituen zinta liluragarri eta epikoak bi misiolari portugaldarrek bizitako arriskuak eta zalantzak kontatzen ditu, XVII. mendean Japonia kristautzeko asmotan hara egindako bidaian zehar. Silencio pelikula sakona eta mingarria da, krudela eta konplexua, azkarra eta ederra, eta fedearen eta bizitzaren arteko gogoeta proposatzen du. Shusaku Endo idazle japoniarraren eleberri arrakastatsu batean oinarritutako lana da, eta American Film Instituteren arabera urteko 10 pelikula onenetako bat da. Silencio larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera Monster Trucks 3D ikusgarria emitituko da; 80ko hamarkadako gaztetxoen zinemara itzulera. The Goonies eta Transformers filmen arteko nahasketa dirudi, eta ibilgailu liluragarrien bitartez benetako adrenalina sentitzeko aukera izango da.
Informazio gehiago nahi izanez gero, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu

Zineklubean ‘Misericorde’ eta haurrentzat 'Minecraft filme bat’ euskaraz emango dira

"Secretos de un crimen" eta "Kaixo Frida" filmek osatzen dute asteko programazioa