Erraketak prest Ermuko II. Padel Txapelketa Sozialerako
Udal Kirol Erakundeak bazkideentzako Padel Txapelketaren bigarren edizioa antolatu du, eta aurtengoan berrikuntzak dakartza. Lehenengo aldiz, lehiaketa liga formatuan jokatuko da; hau da, ez da kanporaketarik egongo, eta aurkezten diren talde adina partidu jokatuko dituzte parte-hartzaile guztiek.
Bikoteka jokatuko da txapelketa, eta parte-hartzaileak bi kategoriatan banatuko dira. Batetik emakumeak izango dira, eta izena ematen duten bikote guztiek liga bakar bat osatuko dute. Bestetik, gizonezkoen kategoria maila ezberdineko bi taldetan banatuko da, eta bikote bakoitzak erabaki beharko du, bere mailaren arabera, lehenengo taldean edo bigarrengoan aritu nahi duen. Banaketa horren helburua pertsona guztiek kirolaz gozatu eta jokatzen ikasteko aukera izatea da.
Bikoteak 16 urtetik gorako pertsonek osatuko dituzte, eta UKEko bazkide izan beharko dute. Izen-ematea 10 eurokoa da bikoteko, eta behin izen-ematea eginda, ez da dirurik itzuliko, dokumentu bidez justifikatua denean izan ezik.
Izen-emate epea zabalik dago datorren astearteko, otsailak 7, 18:30ak arte. Txapelketan parte hartu ahal izateko, bikotea osatzen duten pertsonetako batek taldea inskribatu beharko du kiroldegiko bulegoan astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:45era eta 16:00etatik 18:30era. Asteburuan zehar, eta ostiral arratsaldean, izen-ematea kiroldegiko harreran egingo da irekiera ordutegian zehar.
Bikoterik onenek irabaz dezatela
Norgehiagokak zozketa bidez zehaztuko dira otsailaren 8an, asteazkena, 09:00etan. Jardunaldi bakoitzak astebeteko iraupena izango du, eta ligaren iraupen osoa izena ematen duten bikote kopuruaren araberakoa izango da.
Jardunaldia burutzen den astean zehar, “etxeko” taldeak (zozketaren arabera lehenengo agertzen den bikotea) “bisitariekin” partidua ze egun eta ordutan jokatu adostuko du, eta pista erreserbatzeaz eta tokatzen den ordainketa egiteaz arduratuko da. Partidua amaitzean, emaitza harreran eman beharko du.
Partida guztiak hiru setetara jokatuko dira, eta guztiek tie breaka izango dute. Ordu eta erdiren buruan partida bukatu ez bada, markagailuan aurretik doan bikotea izango da garailea. Bestalde, talderen bat partidara agertzen ez bada, 6/0, 6/0 emaitzarekin galdutzat emango zaio.
Parte hartzen duen bikote bakoitzari pilota potea emango zaio txapelketa hasieran, eta liga amaitzean, bikoterik onenak sarituko dira. Kategoria bakoitzeko txapeldunek –bai emakumezkoak, baita gizonezkoen kategoriako bi mailetako bakoitzak ere- txapela eta oroigarri bana jasoko dute, eta azpi-txapeldunek, aldiz, oroigarria.
Animatu zaitez, eta parte hartu ezazu txapelketan, giro onean kirolaz gozatzeko.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke