Ermuko Udalak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriko du DBEBren ebazpenaren aurka
Datuak Babesteko Euskal Bulegoak bere ebazpenean ukatutako gardentasun aktiboko eskubidearen erabilera defendatuko du instituzioak
Ermuko Udalbatzak astearte honetan adostu du Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak emandako ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezartzea. Udaleko langile publikoen identifikazio datu profesionalak webgunean argitaratzeagatik zigortu nahi du DBEBk Ermuko Udala.
PSE-EEren (6), EAJren (3) eta PPren (2) hamaika botoekin onartu da proposamena, eta EH Bildu (3), Se Puede Ermua Ahal Da (1) eta Irabazi Ermua (1) aurka agertu dira.
Carlos Totorika alkateak urtarrilaren 31ko ohiko Osoko Bilkuran azaldu duen moduan, langileen izen-abizenak eta kontaktu profesionala argitaratzea positiboa da gardentasunaren ikuspuntutik, baina DBEBren ustez, neurria Datuak Babesteko Lege Organikoaren aurka doa. “Errekurtsoa jartzeak balioa dauka, epaitegietan oraindik argitu ez den gai bat delako eta beharrezkoa delako pauso argiak ematea”, azaldu du Totorikak, eta gardentasuna hiritarren oinarrizko eskubidea dela gehitu du: “Guztiek dute eskubidea azkenengo zentimoa ere zertan gastatzen den jakiteko”. Gainera, DBEBren ebazpena eta eskumena beti errespetatu izan dutela azaldu du, baina kasua “beste ikuspuntu batzuetatik” aztertu nahi dela esan du.
PP eta EAJ udal taldeak errekurtsoa jartzearen alde agertu dira. Bien bitartean, Irabazi, Se Puede Ermua Ahal Da eta EH Bildu taldeetako ordezkariek gauzak beste era batera egitea posible dela defendatu dute, “epaitegietara iritsi aurretik, langileekin adostasunera iritsita”.
Aurrekariak
DBEBren ebazpena UGTren sekzio sindikalak jarritako salaketa baten ondorioa da. Udaleko langileen izen-abizenak eta laneko e-posta helbideak argitaratu izana salatu zuen sindikatuak, tartean, Udaltzaingoko agenteenak. Egoera horrek pribatutasuna izateko eskubidearen eta hiritarren gardentasun eskubidearen arteko talka erakusten du.
Gatazka horren aurrean, Ermuko Udalak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea erabaki du, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren ebazpenak ukatutako gardentasun aktiboko eskubidearen erabilera defendatu ahal izateko.
Gai honen inguruko debate osoa eskuragarri izango da datozen egunetan bai audioan, baita bideoan ere, urtarrilaren 31ko Osoko Bilkurako bideoakta digitala argitaratzen dugunean. Orrialde honetan izango da ikusgai.
Lotutako albisteak
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da
Egoitza elektronikoaren bidez, Abiapuntu bulegoan edo Liburutegian