Jendaurrean hitz egiten ikasteko bi ikastaro antolatu ditu Debegesak
Debegesa eskualdeko garapen agentziak jendaurrean eraginkortasunez hitz egiten ikasteko bi ikastaro antolatu ditu otsailerako. Bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz izango dira, eta komunikazio-gaitasuna hobetu eta landu nahi duten profesionalei zuzenduta daude.
“Hablar en público con eficacia” gaztelaniazko ikastaroa otsailaren 10ean eta 17an eskainiko da, eta ikastaro berbera euskaraz, “Jendaurrean eraginkortasunez hitz egitea”, aldiz, otsailaren 21ean eta 28an. Manu Marañon coach eta irakasleak eskainiko ditu bi kurtsoak, eta Debegesaren instalazioetan izango dira (Eibarko Azitain poligonoan) 09:00etatik 14:00etara.
Saioetan hainbat alderdi landuko dituzte ikasleek: nerbioak eta beldur eszenikoa nola kontrolatu, ahotsaren eta gorputzaren jarrera edota mezua nola prestatu eta egokitu eragina handitzeko. Kurtsoen metodologiak praktika izango du oinarri, bideo grabaketak egingo dira eta alderdi teorikoa ere izango dute.
Interesa duten pertsonek izena eman dezakete Debegesaren webgunean, ekintzaile@debegesa.eus helbidera idatzita edota 943 82 01 10 telefono zenbakira deituta (Jaione Leibar). Ikastaro bakoitzaren prezioa 140 eurokoa da.
Lotutako albisteak
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.