Prest al zaude 2017ko Lilatoirako? Eman ezazu izena!

09.02.17
Berdintasuna

Datorren martxoaren 5ean, igandea, Lilaton lasterketa ezagunaren 28. edizioa izango da Donostian. Proba honen helburua emakumeak kalean kirola egitera animatzea da, berdintasuna bultzatuz eta kirol munduan emakumeen irudiari ikusgarritasun gehiago emanez.

Dagoeneko lasterketa sendoa eta ezaguna bihurtu da Lilatoia, eta emakume askorentzat kirolean lehen urratsak emateko erreferentzia da gaur egun. Donostiako kaleetan zehar jai giroan bost kilometroko ibilbidea osatuko dute parte-hartzaileek, korrika nahiz egokien iruditzen zaien erritmoan.

Lasterketa martxoaren 5ean 10:00etan hasiko da Donostiako Boulevardean, baina ordu erdi lehenago Aero Zumba egingo da beroketa gisa leku berean.

14 urtetik gorako emakume guztiek parte hartu dezakete Lilatoian Kirolprobak webgunean izena emanda eta 10 euro ordainduta. Izena emateko epea asteazkenean amaitzen da, otsailaren 15ean.

Ermuko Emakumeen Topalekuak herriko emakume guztiak proban parte hartzera animatu nahi ditu, eta korrikalari taldetxo bat osatuko du guztiok batera emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzeko.

Hori horrela, lasterketarako izen-ematea Emakumeen Topalekuan ere egin daiteke. Gainera, aurtengoan Sportbus enpresak autobusak antolatu ditu Eibarretik Donostiara joateko.

Animatu zaitez, eta parte har ezazu lasterketa honetan. Informazio gehiago behar izanez gero, ikusi ezazu Lilatoiaren webgunea edota gerturatu zaitez Ermuko Emakumeen Topalekura.

Lotutako albisteak

Imagen
28.11.25
‘Beldur Barik Ermua’ lehiaketak bi kategoriako bost talde saritu ditu

Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Imagen
25.11.25
Ermua, emakumeenganako indarkeriaren aurka

Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Imagen
18.11.25
Azaroak 25eko jardueren programa aurkeztu da

Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan