Musika eta antzerkia Oscar Blancoren ikuspuntutik

16.02.17
Kultura eta Gazteria

Óscar Blanco herriko argazkilariaren Ermua Antzokia 2016 erakusketa dago ikusgai Lobiano Kulturgunean datorren otsailaren 26a arte, igandea. Hogei irudi inguruk osatzen dute erakustaldia, eta 2016. urtean Ermua Antzokian bizitako unerik gogoangarrienak topa ditzakegu bertan, Blancoren ikuspuntutik harrapatuta.

Lobianok Óscar Blancoren irudiak erakusten dituen laugarren urtea da, eta argazkilariaren iritziz, aukera hori “oso garrantzitsua” da: “Ostiralero Ermua Antzokian egiten dudan lana jendaurrean erakusteko parada ematen dit erakusketa honek. Horrela, ikuskizunean izan denak ikusitakoa berriro bizi dezake, eta izan ez denak, aldiz, Ermuan gertatutakoaren berri jaso dezake”.

Guztira 21 argazkik osatzen dute beste hainbat kontzertu eta antzezlanen irudien erakusketa, eta bertan, tokiko artistak nahiz estatu mailako izen handiak ikusi daitezke argazkilaritzaren zaletu honen ikuspuntutik. Hainbeste artistek, ordea, beti uzten diote anekdotaren bat Blancori: “Lolita antzezlan batekin etorri zen egunean, beti egin ohi dudan moduan, argazkiak ateratzeko baimena eskatu nion eta baietz esan zidan. Antzezlana hasi bezain pronto, ordea, mesedez argazkiak ateratzeari uzteko eskatu zidan. Izugarrizko lotsa pasatu nuen une hartan”, kontatzen du argazkilariak.

Ermuarrak azaldu duenez, artistekin harremana ona izaten da orokorrean: “Ikuskizuna hasi aurretik argazkia ateratzen dien aldageletan, eta horrela euren alde pribatua ezagutu eta hitz egiteko aukera izaten dut”.

Alde teknikoari dagokionez, Blancok azpimarratu du ikuskizunetako argazkilaritza “nahiko konplikatua” izaten dela. “Kontzertuetan eta antzezlanetan, argitasun gutxi eta oso aldakorra izaten da. Baina jada urteak daramatzat mota horretako argazkiak ateratzen eta pixkanaka ari naiz ikasten nola konpondu horrelako arazoak”.

Erakusketa 18:00etatik 20:00etara ikusi daiteke egunero Lobiano Kulturguneko erakusketa aretoan, eta sarrera doakoa da. Egilearen hitzetan, zerbait ezberdina, keinu bat edo arreta deitzen duen elementuren bat erakusten duten argazkiak topatuko ditu bertan ikusleak; irudi sorta ederra etorkizunean Ermua Antzokian bizitakoa gogoratu ahal izateko. Blancoren irudirik gustukoena zein den? “Kartelean ageri den argazkia, Antonio José abeslariari ateratakoa, indar asko transmititzen baitu”.

Lotutako albisteak

Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke
Imagen
29.04.25
Antzokiak maiatzeko programazioari ekingo, zineari irailera arte agur esango dioen hilabetea

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu
Imagen
24.04.25
Pintura Eskolako ikasleen sormena eta lanak ikusgai izango Lobianon

Ikasturteko lanen erakusketa hartuko apirilaren 28tik maiatzaren 9ra bitartean