Ermuko Udalak behin-behineko aparkalekuak gaituko ditu herrian San Antonioko parkinga okupatuta dagoen bitartean
Ermuko tren geltoki berria eraikitzeko lanak erritmo onean doaz aurrera. Euskal Trenbide Sareak (ETS) pasatu den abuztuan berrekin zion lanei, eta 26 hilabetean amaituko duela espero da, ermuar guztiok azpiegitura berriaz gozatu dezagun. 21 milioi euroko aurrekontua du obra zibilak, eta horri esker, Ermuak tren geltoki modernoa eta irisgarria izango du. Gainera, Ermua-Eibar-Elgoibar ardatzean 15 minutuz behingo maiztasunak izango ditu.
Eraikuntza lan guztietan bezala, geltoki berriaren obrek afekzio ezberdinak eragin dituzte herrian, esaterako, gure ibilgailuak aparkatzeko lekuari dagokionez. 2016ko azken hiruhilekotik aurrera, obretako etxolak kokatu dira San Antonioko aparkalekuko zati batean, eta harrezkero, parking horren erdia, gutxi gorabehera, erabiltzaileentzat itxita dago. Egun, gainera, iparraldeko tunela eraiki ahal izateko, aparkalekuaren zati bat hartu da.
Orain arte, beraz, San Antonioko aparkalekuko 32 toki bertan behera gelditu dira, baina horrek ez du arazo gehiegi eragin herrian.
Datorren otsailaren 27an, ordea, zutabeen zapatak eraikitzen hasiko dira, eta maiatzaren 15era arte beste 16 aparkaleku okupatuko dira. Eta jarraian, maiatzaren 15etik abuztuaren 1era bitartean, geltokiaren egitura muntatuko da eta trenbidearen horma egingo da. Horren ondorioz, 67 aparkaleku bertan behera geldituko dira, eta trenak ibiliko diren bideen egiturak eraikitzeko galdaragintza tailerra kokatuko da leku horretan.
Arazo horren aurrean, Ermuko Udalak herritarrei ibilgailuak aparkatzeko alternatibak eskaintzeko aukera ezberdinak aztertu ditu. Guztira behin-behineko 63 toki eratu ditu herriko zonalde ezberdinetan.
Lerro hauekin batera erakusten dizuegun planoan ikus daitekeen moduan, Izelaieta kalean 27 aparkaleku egongo dira, eta beste 10 plaza sortuko dira Abeletxen, behin-behineko tren geltokiaren inguruan. Gainontzeko tokiak Bizkaia Etorbideko laugarren zenbakian (4), Jator Kirolaken inguruan (2), Gipuzkoa Etorbideko seigarren zenbakian (4 karga/deskarga gunean), San Antonio okindegi aurrean (4), Abeletxen, Iberdrola ondoan (8) eta Lomi Powerren (4) egongo dira.
San Antonioko aparkalekua erabilgarri egongo da berriro ere abuztuaren 1etik aurrera, egitura altxatu eta 67 plazetatik 37 libratzen direnean. Egoerak bere horretan jarraituko du 2018ko irailean obrak amaitzen diren arte.
Juan Carlos Abascal lehenengo alkateordeak Udalbatzari azaldu dionez, aparkatzeko beste alternatiba batzuk ere ari da aztertzen Udala, esaterako, Valdespina Markesaren parkinga edota Gipuzkoa Etorbideko Idesa enpresaren beheko solairua.
Proiektuaren nondik norakoak pasatu den asteartean, otsailaren 14an aurkeztu ziren Gai-orokorren eta Udalbatzarrak aztertu beharrekoen Informazio Batzordean. Ikus ezazu bideoa eguneko gai-zerrendako bosgarren puntutik aurrera proiektuaren inguruko xehetasun gehiago jasotzeko.
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n