Ihauteriek kolorez beteko dute asteburua Ermuko kaleetan

24.02.17
Kultura eta Gazteria

Oilarraren probak hiru irabazlerekin eman dio hasiera festari

Hemen dira urteko festarik alaienak eta koloretsuenak. Ihauteriak iritsi dira jada Ermura, eta mozorroak izango dira protagonista datozen egunetarako prestatu den ekintzen programa zabalean.

Gaur ostirala, Hartza Eguna ospatuko dugu 18:00etatik aurrera Orbe Kardinala plazan hasi eta amaituko den kalejira alaiarekin. Ekintza hau Euskal Birusa elkarteak antolatzen du, eta ohitura zahar honi 1989. urtean berriro heldu zitzaionetik ospatzen den 28. aldia da aurtengoa. Kalejiran parte hartuko dute, besteak beste, Anaitasuna ikastolak, Eskolabarri ikastetxeak, AEK Kaltxangok, Txindurri Dantza Taldeak eta Udal Euskaltegiak, Ermuko Udalaren babesarekin. Antolatzaileek dei egin dute parte hartu nahi duten pertsona guztiak mozorrotuta agertu daitezen.

Bihar, larunbata, festa eguerdian hasiko da 12:30etik aurrera Irulitxak eta Txindurrik egingo duten kalejirarekin. Arratsaldean, haurrentzako txokolatada herrikoia egingo da 17:30ean, eta askaria jan ostean, TTR taldearen eskutik berbenan dantza egiteko aukera izango da. Zazpietan, berriro Irulitxa txaranga izango dugu herriko kaleetan zehar giroa alaitzen, eta ordu erdi beranduago, haurren mozorro lehiaketa hasiko da.

Gauean, DJ festa izango dugu plazan Los 40 Principales irrati kateko Olga Grande hizlariaren eskutik. Dantza saioa 23:00etan hasiko da plazan, eta hiru orduz musikarik onenaz gozatzeko aukera izango dugu, baita bi gogo-dantzari (emakume bat eta gizonezko bat) eta Pole Dance barrako dantza erakustaldia ikusteko ere.

Hiru oilar hiru garailerentzat

Atzo, Eguen Zuri eguna, festari hasiera eman zitzaion Orbe Kardinala plazan oilarraren proba ezagunarekin. Hainbat neska-mutil eta beste hainbeste heldu bildu ziren plazaren bueltan kokatutako hesien inguruan proba dibertigarri horretan parte hartu zuten pertsonak animatzeko.

Saiakera ugari izan ziren arratsaldean zehar, baina hiru pertsonak soilik lortu zuten saria: 10 urteko Maren Unanuek, 11 urteko Eider Medinak eta 7 urteko Yago Garcíak. Hiru irabazleek oilarraren irudi bat eta herriko liburu-denda batean gastatzeko 30 euroko erosketa txartela jaso zituzten.

Lerro hauen jarraian atzo arratsaldean bizitako hainbat une ikus ditzakezue.

Lotutako albisteak

Imagen
20.05.25
'La cita' eta 'La buena letra' asteko zine komertzialaren proposamenak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan
Imagen
20.05.25
Txabi Arnalek azken bi argitalpenak aurkeztuko ditu Ermuan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan
Imagen
19.05.25
Gazteria Zerbitzuak 'Uda Gazte Jolasak' proposamena aurkeztu du

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne