Etorkizuna landatzen Zuhaitz Egunaren edizio berrian
Ermuko Artarrai Mendi Taldeak Zuhaitz Egunaren edizio berri bat ospatuko du igande honetan. Ekimena martxoko lehen igandean burutu ohi da, baina egun horretan eguraldia ez genuen lagun izan; hori horrela, eguraldia hobetu arte atzeratzea erabaki zen, eta aurreikuspena ona denez, igande honetan, martxoak 19, izango da landaketa eder honen zazpigarren edizioa. Urtero egiten den ekintza da, eta kirol elkarte honen programazioan sendo mantentzen da, herriko ikastetxeen lankidetzarekin.
Artarraik eta udal zerbitzuek igandean erabili beharreko 3.500 metro koadro inguruko lur eremua prestatu dute 200 zuhaitz landatu ahal izateko: 75 haritz, 75 pago, 25 hurritz eta 25 intxaurrondo. Lur-saila Sallabenteko ur-depositu zaharretik gertu kokatzen da, eta bertara joango dira ekintzan parte hartu eta ingurumenaren alde lan egin nahi duten pertsona guztiak.
Irteera igande goizeko 10:00etan izango da Patxi Plazan, eta handik, parte hartu nahi duten pertsona guztiak batera joango dira Torreta atzetik aurten prestatu den eremura. Behin bertara iristean, landareak, aitzurrak eta beharrezko lanabesak banatuko dira.
Ingurumena zaindu eta ekimenarekin bat egin nahi duten pertsona guztiei parte-hartzeko deia egiten zaie.
2011tik urtero ospatzen den ekimena da Zuhaitz Eguna, eta herritar guztiak biodibertsitatea babesteaz eta basoek duten garrantziaz kontzientziatzea du helburu. Lehen edizio hartatik, 20 espezietik gorako mila zuhaitz baino gehiago landatu dira, hala nola, haritzak, pagoak, intxaurrondoak, hurritzak, erramuak eta gurbitzak.
Informazio gehiago edo duela bi asteko argazkiak ikusi nahi izanez gero, Artarrairen blogera jo dezakezue.
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du