Ermuak pertsona dependienten beharretara egokituriko etxebizitzaren eredua aurkeztu du
Ermuko udalak gizarte eta osasun beharrak –gaixotasun kronikoak, ezgaitasunak, zahartzaroa, etab…- dituzten pertsonentzat gaur egun merkatuan ditugun teknologia, errobotika (etxeko domotika) uztartuaz konpondu eta egokitutako etxebizitza propioa aurkezten du. Etxebizitza horretan oztopo arkitektonikoak ezabatu egin dira, bertako gelak nahiz elementuak moldatu egin dira bizilagunek mugarik gabe –edo ahalik eta gutxienekin- bizitzerik izan dezaten. Etxebizitzan jarri diren elementuen artean ondorengoak ditugu: beha zulo elektronikoa, ukimenekoa eta digitala den sarraila urrutitik ireki eta itxi ahal izateko, egokituriko komuna, ezindu edo gaixo dauden pertsonak ohetik bainura eramateko garabia, panel eta pertsiana motordunak, sukaldeko elementuak gurpil-aulkira egokituak; erorikoak eta ke detektoreak, abisu eta alarma emateko gailuak, ukimenaren bidez argiak piztu eta itzaltzeko erregulatzaileak, eta abar…
Gaurtik aurrera etxebizitzak bi erabilera nagusi izango ditu. Batetik, herriko gremioentzat ikusgai izanen da, bertan egokitze aukera guztiak ikusi eta ezagutzerik izan dezaten. Bestetik, izaera soziala, berehalakoan dependentzi egoera kideak dituzten familiek beren etxea egokitu bitartean aldi batez erabili ahal izango baitute.
Horrez gain, erantsi behar Ermuko Udalak aurrekontuan diru kopuru garrantzitsua jarriko duela etxebizitzen egokitzapenak egin daitezela erraztu eta laguntzeko, sosa horiek Eusko Jaurlaritzak nahiz Aldundiak xede berberaz ematen dituzten diru-laguntzarekin bateragarriak izango direlarik.
Aurrekariak
Ermuko Udaleko gizarte eta osasun alorra 2012. urtean aztertzen hasi zen Etorbizi Fundazioarekin elkarlanean. Indar batze horretatik ikerketa proiektua hasi zuten herrian iktus-ak jo zituen 41 pertsonen egoera aztertzeko Aita Meni ospitalearekin bat (garun-kalteen unitatearekin bat), garun-istripu edo gaixo horren ondorioz zituzten bizi-baldintzak ezagutzeko.
Landa-lan eta azterketa garrantzitsu horretatik, hainbat ondorio garrantzitsu atera genituen. Lehena eta esanguratsuenetako bat, ezintasun fisikoak zituzten pertsonen etxebizitzek egokitasun eskasa edo desegokia zutela oro har.
Etxebizitzen egoera zergatik den hain garrantzitsua? Arreta sozio sanitario behar duten guztiek -gaixotasun kroniko, ezgaitasun, edo zahartzaroagatik, etab…- izendatzaile komuna dutelako: ahalik eta denbora gehien norberaren etxebizitzan mantentzeko nahia. Hori horrela, gure buruari galdetu genion: etxebizitzak nolakoak behar dute izan?
Hurrengo urteetan, 2013tik 2016ra, gure udalerrian modu autonomoan bizitzeko zailtasunak dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzea lortzea izan da, hein handi batean, gizarte eta osasun sektorearen garapen proiektuaren ardatza. Horretarako, euren etxebizitzen etengabeko egokitzapena landu da, gainerako gizarte nahiz osasun zerbitzuek oinarri bezala erabili eta horren gainean aurrera egiteko. Atal horretan gehitu dira, era berean, robotika eta domotika, zerbitzuan oraindik garatu gabe zeuden bi dimentsio.
Zerbitzuak gizarte eta osasun profila duten pertsonengana potentzial handia izateaz gain, Ermuko Udalak garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko aukera gisa lotu du arlo horren garapena. Proiektuaren ikuspuntu horrek agente ekonomikoak konprometitzen saiatzera eraman gaitu.
Bide horretan, itun eta lankide handiak ditugu. Erakundeen aldetik, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu ditugun proiektu guztien finantziazioan lagundu digute. Bestalde, Tecnalia ere alboan izan dugu, euren jakinduria eta esperientzia gure zerbitzura jarriz.
Etxean zahartu bai, baina nola?
Proiektuak inspirazio duen ideia nagusia gogoan izanda –Etxean zahartu bai, baina nola?-, gai horri heltzen dioten hainbat programa agertzen zaizkigu.
Herriko eraikuntzen tipologiak aztertzen hasi ginen; herriko etxebizitzen egungo egoera ahalik eta xehetasun gehienarekin islatzen saiatu ginen, hutsuneak identifikatu eta beharrizan bakoitzarentzat konponbide onenak biltzen dituen eskuliburua osatu ahal izateko. Tecnaliarekin elkarlanean egindako gida da, eta herritarrentzat nahiz modu profesionalean errehabilitazioan aritzen diren pertsonentzat zuzenduta dago. Etxebizitzetan egokitzapen eta birgaitze obrak egiten direnean, beharrizanei ahalik eta modurik onenean erantzun ahal izatea da eskuliburuaren helburua.
Lan horretatik abiatuta hasten da hurrengo fasea: herriko gremioei etxebizitzen birgaitze funtzionalaren inguruan informazioa eta formazioa eskaintzea. Hori balio gehigarri gisa aurkezten da, desberdintzeko eta euren negozioak garatzeko aukera gehiago izateko.
Formazio prozesu horren zati da gaur aurkezten dugun etxebizitza pilotua. Herriko 20 enpresarik parte hartu duten ikaskuntza prozesuaren atal praktikoa izan da pisu hau. Partaide guztiak ikasteko prest agertu dira, jakitun baitira eraikuntzaren sektore zail honetan aurrera egin ahal izateko beharrezkoa dela errehabilitazioa eta egokitzapena menperatzea.
Gaurtik aurrera helburu bikoitza izango du etxebizitza pilotu honek. Batetik, herriko gremioen eskura izango da, merkatuak birgaitzeko eskaintzen dituen aukerak bertatik bertara ezagutu ditzaten. Eta, bestetik, erabilera soziala izango du, dependentzia duten pertsonak dituzten
familien aldi baterako etxebizitza gisa. Euren bizilekuak egokitzen dituzten bitartean, berehalako premia badute edo obrek irauten duten bitartean beste aukerarik ez badute, euren eskura izango dute etxebizitza.
Azkenik, eta proiektua borobiltzeko, Udalak etxebizitzen egokitzapenerako atal garrantzitsu bat gaitu du aurrekontuan. Gainera, bateragarria izango da beste laguntza publikoekin, hala nola, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak eskaintzen dituztenekin.
Lotutako albisteak

Ostiralean Izarra Centren, 9: 30etatik 14:00etara gauzatuko den jardunaldian

Zure iritzia garrantzitsua da! Erantzun inkestari eta parte hartu saio irekietan

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan