‘Trainspotting’en jarraipena eta ‘Fences’, martxoko programazioaren amaierako protagonistak

21.03.17
Ermua Antzokia

Martxoari dagozkion azkenengo zine saioei heltzeko prest da Ermua Antzokia aste honetan, eta lau proposamen berri ekarriko dizkigu datozen egunetan. Martxoaren 30eko emisioaren faltan, zineklubaren azken aurreko saioan El día más feliz en la vida de Olli Mäki drama finlandiarra izango dugu geurean. Juho Kuosmanen zuzendariaren lanak Olli Mäki boxeolari finlandiarraren biografia aurkezten digu. 1962ko udan, luma-pisuko boxeoan munduko txapelduna izateko lehian dabil Mäki. Helsinkin bertan nahiz handik at, arrakastaz beteriko etorkizuna izango duela aurreikusten dute. Pisua galdu eta kontzentratzea baino ez zaio falta, baina arazo bat dago: Raijarekin maitemindu da. 2016ko Cannes Zine Jaialdiko Un Certain Regard ataleko Film Onena izendatu zuten El día más feliz en la vida de Olli Mäki, eta ostegun honetan 20:30etik aurrera azpititulatutako jatorrizko bertsioan ikusteko aukera izango da.

Programazio komertziala, bestalde, larunbat honetan hasiko da 19:30ean Denzel Washingtonek zuzendu eta antzeztutako Fences filmaren lehen ikustaldiarekin. 50. hamarkadako drama honek Pittsburghen lan egiten duen Troy Maxon zabor-biltzailearen historia kontatzen du. Gaztetan anbizio handiko beisbol jokalari aparta zen, kiroletik bizitzea amets zuena. Orain, ordea, egunero azalaren koloreagatik bazterketa pairatu behar duen bizimodu apalarekin aurrera egin beharko du. Arraza dela eta dauden aurreiritzien aurkako borroka erakusten du pelikula honek. Viola Davis Oscarraren irabazle izan den aktoreak osatzen du protagonisten zerrenda August Wilsonek idatzitako antzezlan batean oinarritzen den film honetan. Fences larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteburuko bigarren film komertziala T2: Trainspotting izango da, Danny Boylek 1996an zuzendutako Trainspotting pelikula ezagunaren jarraipena. Hogei urte geroago, jada hain gazte ez diren Edinburgoko behe auzoetako heroina zaletuen abenturek aurrera jarraitzen dute. Mark Renton (Ewan McGregor) buru duen taldetxoak drogak hartu eta diru zikina eskuratzea beste asmorik ez du bizitzan. Negozioetan oztopoak izan eta emaztearekin banantzean dirutza galduta, Sick Boyk (Jonny Lee Miller) bizitza aldatzeko moduko aukera aurkituko du. Bien bitartean, Francis “Franco” Begbie mendeku gogoarekin aterako da espetxetik. T2: Trainspotting larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.

Azkenik, igandean 17:00etan haurrentzako saioa hasiko da Ballerina filmaren eskutik. Felicia da animaziozko drama honetako protagonista, gurasoak galdu ostean Bretainiako umezurztegi batean bizi den neskatoa. Dantza du gustuko, eta dantzari profesionala izatea du amets; horretarako, Victor lagunaren babesarekin ihes egin eta 1879ko Parisera iritsiko da. Bertan beste pertsona baten ordezkotzat agertuko da, Grand Opera Housen ikasle gisa sartu eta nahi duen bizitza lortzeko borroka egiteko.

Informazio gehiagorako, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan