Ermuko Duatloiaren zortzigarren edizioa, larunbat honetan

22.03.17
Kirolak

Ermuko Ostots Triatloi Kirol Klubak Ermuko Sprint Duatloiaren edizio berri bat antolatu du larunbat honetarako, martxoak 25. Proba 12:00etan hasiko da Orbe Kardinala plazan, eta parte hartzen duten pertsona guztiek hiru zatiko lasterketari egin beharko diote aurre.

Lehenengo zatian, kirolariek 2,5 kilometroko luzera duen zirkuitu bati bi itzuli eman beharko dizkiote korrikan, bost kilometro osatu arte. Jarraian, bizikletak hartu eta hogei kilometroko ibilbidea osatuko dute. Lasterketa amaitzeko, 2,5 kilometroko zirkuituari azkenengo itzuli bat emango diote korrikan plazan kokatuko den helmuga gurutzatu arte.

Dortsalak jasotzeko prest egongo dira 10:00etatik 11:30era Orbe Kardinala plazan kokatuko den postuan, eta boxak 11:45ean itxiko dira, irteera baino 15 minutu lehenago, alegia. Bestalde, antolatzaileek gogorarazi nahi dute derrigorrezkoa dela errepideko bizikleta eta kaskoa erabiltzea proban parte hartu ahal izateko.

Lasterketa amaitzean, parte hartzen duten pertsonek, 204 gehienez ere, Miguel Ángel Blanco udal kiroldegiko dutxak erabiltzeko aukera izango dute.

Sari banaketa 14:00etan izango da Orbe Kardinala plazan. Sailkapen orokorreko lehenengo gizonezkoak eta lehenengo emakumezkoak 200 euro eta garaikurra jasoko dituzte; bigarrenek, 150 euro eta garaikurra; eta hirugarrenek, aldiz, 100 euro eta garaikurra. Talderik onenen artean ere banatuko dira sariak, baita 23 urtez azpikoen, juniorren, kadeteen eta beteranoen artean ere.

Lasterketak izan ditzakeen eraginak

Proba honen antolakuntzak trafikoaren itxiera derrigortzen du herriko zenbait kaletan, eta lokal eta garajeetako sartu-irtenak kontrolatu beharko dira. Horretarako, antolakuntzak Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren baimena eta laguntza izango du.

Parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko asmoz eta egoera arriskutsuak ekiditeko helburuarekin, 12:00etatik 14:00etarako tartean lokal eta garajeetako sarrerak eta irteerak kontrolatuko dira.

Larrialdirik egonez gero, harremanetan jarri daiteke antolakuntzarekin (628 52 81 04) edota Udaltzaingoarekin (943 17 63 00).

Lotutako albisteak

Imagen
Espacio termolúdico y de spa en la piscina del polideportivo de Ermua
10.02.26
Mantentze lanak egingo igerileku txikian, span, lurrun-bainuan eta saunan

Igande arratsetik asteazkenera bitartean zerbitzuz kanpo egongo eta ezin izango dira erabili
Imagen
03.02.26
‘Minbiziaren Kontrako Mundu Egunean' arreta gizatiarragoa eta integralagoa aldarrikatuko

Herriko bolondresak informazio mahaia, Ermua KEko taldeetan besokoa eta argiztapen berde berezia Antzokian eta udaletxean
Imagen
05.12.25
Aurten sarituak izango diren kirolari eta kluben zerrenda ezagutu nahi?

Herriko elkarteen artean bozketa bidez hautatutakoak Kirolaren I. Galan omenduak izango dira