#ABIAN Azokak 72 lanpostu eskainiko ditu hirugarren edizioan
Debabarreneko Udalek, Debegesa Garapen Agentziaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketa zentroek #ABIAN Debabarreneko Enplegu eta Lanbide Heziketa Azokaren hirugarren edizioa antolatu dute. Bi urtetik behin burutzen den ekimena martxoaren 29tik 31ra garatuko da Eibarko Armeria Eskolako patioan, eta lana bilatzen ari diren pertsonen, ikasleen, Lanbide Heziketako zentroen eta lanposturen bat betetzeko beharrizana duten inguruko enpresen arteko topagune izatea du helburu.
Gure eskualdeko eskaintza formatiboa kalitatezko kualifikazio aukera gisa erakustea eta Lanbide Heziketa lan merkatuaren beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisa ezagutzera emateko asmoa du azokak.
Horrela, #ABIAN azokak guztira 72 lanpostu eskainiko ditu arlo ezberdinetan, Debegesak inguruko 361 enpresatan egindako prospekzio lanaren ostean. Garapen Agentziak 220 curriculum jaso ditu eta euren lantaldeak osatzeko profesional bila dabiltzan enpresek azokan bertan egingo dituzte lan-elkarrizketak.
Inguruko hezkuntza eskaintza erakutsiko duten hainbat stand ezberdinez gain, azokan bertan hitzaldiak, tailerrak eta doako ekintzak egingo dira, publiko osoari baina batez ere langabezian dauden pertsonei zuzenduta.
Egitasmoak SD Eibar Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuaren, Obra Social La Caixaren eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du.
Halaber, eskualdeko bederatzi enpresek bat egin dute ekimenarekin eta horiek ondorengo hauek dira: Danobat Group, IK4-Tekniker, Egile, EPC, Alcorta, Etxe-tar, Kirolbet, Urkotronik eta AGME.
Enplegu eta Lanbide Heziketa azoka hau Debabarreneko Udalek, Debegesaren bitartez, eskualdean dugun langabezia egoerari aurre egiteko eta ekonomiaren sustapenerako abian jarritako egitasmo eta neurrien artean kokatzen da.
Ekintzen programa
#ABIAN azokara sarrera guztiz doakoa da, eta hiru egunetan zehar ekintza ezberdinak garatuko dira Armeria Eskolako patioan. Egitaraua honakoa da:
- Asteazkena, martxoak 29
- 10:00: azokaren irekiera.
- 12:00: ongietorria eta irekiera ekitaldia Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailburuordearekin, Antton Tomasena Gipuzkoako Foru Aldundiaren Garapen Ekonomikorako Zuzendari Orokorrarekin, Mikel Larrañaga Eibar Kirol Elkarteko Presidenteordearekin eta Debabarreneko alkateekin.
- 12:15: hitzaldiak: Lanbide Heziketa eta Enpresa: Erronkak eta aukerak eta Formazioa eta enplegua, zailtasun egoeran dauden pertsonen gizarteratzea lortzeko ardatz nagusiak.
- 14:30: jardunaldiaren amaiera.
- Osteguna, martxoak 30
- 09:00: azokaren irekiera.
- 10:00: hitzaldia: ETHAZI, Etekin Handiko Zikloen metodologia berritzailea.
- 11:00: ekintzailetza tailerra: Nola sortu zure negozio-ideia propioa?
- 12:00: tailerra: Bideragarritasun plan expressa.
- 14:30-16:00: atsedena.
- 18:30: jardunaldiaren amaiera.
- Ostirala, martxoak 31
- 09:00: azokaren irekiera.
- 10:00: Debabarreneko HAZILAN laneratze programaren 3. deialdia aurkezteko saio informatiboa.
- 11:00: hitzaldia: Ekintzailetza Lanbide Heziketan: esperientzia errealak.
- 12:00: hitzaldia: Faktore emozionala lan bilaketan.
- 14:30: azokaren amaiera.
Informazio gehiago eta programa osoa Debegesaren webgunean.
Lotutako albisteak

Parte hartu duten haurrek herritarrak kontzientziatzeko ibilaldi batekin amaitu dute aurtengo erronka

Haurren Kontseiluak aldarrikapen ibilaldia antolatu du datorren maiatzaren 7rako, asteazkena

Apirilaren 29an eta maiatzaren 7an egingo, arratsaldeko eta goizeko ordutegian, hurrenez hurren