Ika, ika, ika…Badator 20. Korrika!
Korrika 20. lasterketa herrikoia Ermura iritsiko da bihar –apirilak 7ko ostiralean- gaueko hamarrak eta laurdenak inguruan, aurreikusitako ordutegia betez gero. Hori dela eta herriko talde eta elkarte ugarik euren laguntza eskaini eta egitarau zabala antolatu da egun horretarako. Jarduerak egun osoan zehar gauzatuko dira.
Anaitasuna Ikastola, Eskolabarri, Ongarai eta Sallabente ikastetxeek Korrika txikia antolatu dute. 15:15etan hasiko dute lasterketa Sallabente ikastetxean eta 15:45etarako plazan elkartuko dira. Ibilbidea ondokoa izanen da; Sallabenten hasi, trenbide azpitik sartu eta Goienkalera irudi dendara artean, bertatik eta ezkerrerantz segiz VI. Mendeurrenetik San Pelaiorantz. Eroski aurretik pasa eta Zurich tabernan ezkerrera egingo du lasterketak Diputazio kaletik merkaturen eraikineraino. Puntu horretan Seigarren Mendeurrena hartuko da berriz, Zubiaurretik herriko plazara sartzeko. Gero, kantak, koreografiak, txokolate jana eta zirko-tailerra izango dira. Zazpietatik aurrera ‘Luhartz’ taldeak erromeria eta dantza girotuko du, Korrikaren tropela iritsi bitartean.
Ermuarrok Mallabiko mugan hartuko dugu lekukoa
Gaueko hamarrak eta laurdenak inguruan Mallabitik Korrika helduko zaigu eta denok batu ahalko gara Otxandiotik Iruñaraino euskarari babesa eta bultzada emateko lasterketa honetan.
Korrika Mallabitik sartuko da 22:15ean, herria zeharkatu ostean, eta herriko hainbat taldek eskuz esku lekukoa pasa eta gero, Eibarrera joko du, bere ibilbideari jarraituz aurreikusitakoaren arabera. Gure herrian 8 km-ko ibilbidea beteko da, hain zuzen ere 2.158tik 2.166ra bitartekoak. Korrikaren lekuko eta mezua Egui enpresaren parean hartuko eta Eibarko Uni-Eibar-Ermua ikastegiaren parean entregatuko zaie eibartarrei. Ermuan egingo den ibilbidea ikusteko eta taldeetako ordezkari-eramaleak nortzuek izango diren ezagutzeko, ikus herriko batzorde antolatzaileak prestaturiko laburpena.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik