‘Ghost in the shell’ eta ‘El Bebé Jefazo’ filmekin amaituko da apirileko zine programazioa

25.04.17
Ermua Antzokia

Apirilari dagozkion azkenengo zine saioei ekingo dio Ermua Antzokiak aste honetan, eta lau pelikula berri ikusteko aukera izango dugu. Hileko azkenengo zineklub saioan Julia Ducornauk zuzendutako Crudo kultuzko thriller frantziarra izango dugu. Dituen ustezko irudi gogorrek publizitate kanpaina eraginkorra eratu dute, baina kanpaina horren atzean pelikula argia ikus daiteke, egungo gazteriak aurre egin behar izaten dien arazo eta gabezi asko erakusten dituena. Filmaren zuzendariak egungo gizartearen alegoria modu gordinean azaltzeko duen abilezia txalotu du kritikak. Canneseko jaialdian Kritikaren Saria eta Sitgeseko jaialdian Pelikula Onenaren saria jaso ditu Crudo filmak, eta ez du inor epel uzten. Justine 16 urteko neska gaztea da, familia begetariano batean hazia. Unibertsitatera iristean, ordea, familiak erakutsitako baloreak alde batera utzi eta lehenengo aldiz haragia jango du. Crudo ostegun honetan eskainiko da 20:30etik aurrera azpititulatutako jatorrizko bertsioan.

Programazio komertziala larunbatean hasiko da 19:30ean Locas de alegría pelikula italiarraren lehenengo emisioarekin. Valeria Bruni Tedeschi eta Micaela Ramazzotti dira Paolo Virzik zuzendutako film bizi honetako protagonistak, eta euren lanak sekulako arrakasta izan du Italian; milioi bat ikusle baino gehiago gerturatu dira zinemara pelikula ikustera. Beatrice eta Donatella pertsona oso desberdinak dira zentzu guztietan, baina bada zerbait batzen dituena. Biak Vilabiondi psikiatrikoko pazienteak dira. Euren arteko laguntasun berezi horrek ustekabeko abentura bat bizitzera eramango ditu oraindik eta handiagoa den beste zoroetxe batean: pertsona zentzudunen benetako bizitzan. Liluragarria, atsegina, alaia eta tristea aldi berean; ikuslea zinearekin adiskidetzen duten pelikula horietakoa da Locas de alegría, bi emakume gogor eta harrigarriren istorioei esker. Gainera, Zine Italiarraren sarietan garaile izan da pelikula, zuzendari eta emakumezko aktore sailetan. Locas de alegría larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.

Asteburuko bigarren filma Ghost in the shell 3D izango da, Japoniako manga ezagunenetako baten zine egokitzapena. Akzioa, ikuskizuna, erritmoa eta intriga uztartzen dira pelikula zirraragarri honetan. Heroi futurista bati modu ikusgarrian ematen dio bizitza Scarlett Johanssonek. Japonia futuristan eraso zibernetikoen eta ziberterrorismoaren aurka borroka egiten duen goi mailako talde bateko burua da Motoko Kusanagi. Misio arriskutsu baten ostean, Motoko larri zaurituko da, eta konponbide bakarra bere burmuina robot baten gorputzean sartu eta hibrido bat sortzea izango da. Horrela, Motoko berria inoiz baino eraginkorragoa eta kontrolaezinagoa izango da. Ikusgarria eta narrazio irmokoa da Ghost in the shell 3D, eta larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da ikusgai.

Azkenik, igandean 17:00etan hasiko da haurrentzako saioa El bebé jefazo 3D filmaren eskutik; ezbairik gabe, uneko animaziozko pelikula. Dibertigarria eta atsegina, haur nahiz heldu harrapatuko ditu.

Informazio gehiago eskuratu ahal izateko, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan