Beldurrak harresiak eraikitzen ditu; elkartasunak, zubiak

28.04.17
Immigrazioa eta nazioarteko lankidetza

Ermuko Nazioarteko Elkartasun eta Lankidetza Kontseiluak Immigrazio Jardunaldien hamazazpigarren edizioa antolatu du, eta apirilaren 29tik maiatzaren 13ra arte burutuko da gure udalerrian. Eguarbitza Misio Taldeak, Komite Internazionalistek, Caritasek, HAGUNIA Saharako Herritarren Lagunen Elkarteak, Urko-Punta taldeak, Etorki(n)zunak eta PAACE – Ermuko Afrikarren Elkarteak osatzen dute antolatzaileen taldea, eta Ermuko Udalaren, herriko ikastetxeen, Antxintxiketan taldearen, Sutegi Antzerki taldearen, SOS Arrazakeria/Mugaken, CEARen, udal pintura eskolaren eta Mudo-Drogoten laguntza izan dute.

Jardunaldien aurtengo edizioan, gai nagusia munduko muga ezberdinetan eraiki diren edo eraiki nahi diren harresiak dira, pertsona errefuxiatuei gerra, esplotazio eta miseria egoeretatik ihes egitea ekiditen dietenak.

Programa bihar larunbata hasiko da, apirilak 29, Ongi Etorri Errefuxiatuak 1937-2017 Gernikara Martxan parte-hartzearekin. Ekimenaren helburua euren herrialdeetako gerretatik ihesi datozen pertsona errefuxiatuek behar duten babesa erreklamatzea eta elkartasuna erakustea da. 10:00etan Gipuzkoatik datorren zutabeari harrera egingo zaio San Lorentzon, eta ordu erdi geroago ekitaldi bat burutuko da Orbe Kardinala plazan. Gero, 11:30ean, Nazioarteko Elkartasun eta Lankidetza Kontseiluak antolatutako autobusak Munitibarreraino eramango ditu parte-hartzaileak, handik oinez Gernikaraino joateko.

Ekintzen programak asteartean jarraituko du, maiatzaren 2an, SOS Arrazakeria Gipuzkoa eta Mugak elkarteek antolatutako Errefuxiatuak Ongi Etorri erakusketaren inaugurazioarekin. Ekitaldia 19:00etan izango da Lobiano Kulturgunean, eta luncha eta bisita gidatua egingo dira. Erakusketa zabalik egongo da datorren maiatzaren 13a arte, 18:00etatik 20:00etara.

Asteazkenean, maiatzak 3, 19:00etatik aurrera hitzaldi bat eskainiko da Lobianon, baina oraindik ez da gaia zehaztu. Dena dela, ostegunean Ari Kaurismäki zuzendariaren El otro lado de la esperanza filma ikusteko aukera izango dugu 20:30etik aurrera Ermua Antzokiko zineklub saioan.

Ostiralean, artea izango da programazioaren ardatza: batetik, Mohamed Azgouagh margolari amazighak marrazketa ikastaroa eskainiko du udal puntura eskolan, eta bestetik, Tirante Plataformak eta CEAR-Euskadik Tras la frontera antzezlana aurkeztuko dute 19:00etatik aurrera Orbe Kardinala plazan.

Urtero bezala, egunik garrantzitsuena larunbata izango da, maiatzak 6, 11:30etik aurrera Orbe Kardinala plazan hasiko den kultur arteko jaiaren ospakizunaren eskutik. Hasierako ikuskizuna Sutegi Antzerkiak eta Mohamed Azgouagh margolariak egingo dute, eta horren ostean, 12:00etan, Antxintxiketan taldeak haur jokoak prestatuko ditu eta Mustapha Agharbanek perkusio ikastaroa eskainiko du.

Aldo Milá Angolako taldeak kontzertua emango du 13:00etatik aurrera, eta jarraian, 14:30ean, kultura arteko bazkari herrikoia ospatuko da.

Arratsaldean, 17:00etan, Ermuko Hirugarren Borroka Senegaldarreko Txapelketa ospatuko da, Jaapo Lyguey perkusio taldeak girotuta, eta jarraian, 18:00etan, Kino ait idrissen trio talde amazighak kontzertua eskainiko du. Festa amaitzeko, Elh malick tribal band talde senegaldarraren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da 19:30etik aurrera.

Egun osoan zehar hennazko tatuajeak, trentza afrikarrak eta azkazaletako pintura kolonbiarrak egiteko aukera izango da plazan, baita idazkera arabiarra ikasteko eta Ermuko ikastetxeetako neska mutilek egindako marrazkiak eta muralak ikusteko ere.

Lotutako albisteak

Imagen
Salek Baba Saharako Osasun ministroaren bisita
11.04.25
Ermuak saharar herriarekin duen konpromisoa berretsi du Salek Baba SEADeko Osasun ministroaren bisitarekin

Saharar segizioak Udal Osoko Bilkuren Aretoa eta Edaal harrera-etxea bisitatu ditu
Imagen
02.04.25
Debabarrenaren eskuzabaltasunagatik esker ona agertu du ‘Zaporeak’ GKEak

12 tona elikagai eta hamar mila euro bildu dituzte aurtengo erronkan
Imagen
La imagen muestra una parte del cartel
24.03.25
Zaporeak elkartearen VII. erronkari hasiera emango zaio gaur

Elikagaiak martxoaren 24tik 28ra bitartean jasoko dira, Ermuan arroz luzea. Errazioen tupper solidarioa eta zozketa larunbatean, hilak 29, Ermuan