Asteburu kulturala Euskal Liburu eta Disko Azokaren eskutik
Ermuko Liburu eta Disko Azokaren hogeita bosgarren edizioak ostegun honetan zabaldu ditu ateak, eta igandera arte, Orbe Kardinala plazan ekimen ezberdinak burutuko dira erakusketa ezagun honen inguruan.
Guztira zortzi postuk osatzen dituzte azokaren zilarrezko ezteiak, eta atzo, osteguna, ikastetxeetako neska-mutilek eta herriko hainbat bizilagunek lehenengo begiratua emateko aprobetxatu zuten. Hainbat argitaletxe eta ekoizle kokatu dira Orbe Kardinala plazan euskaraz kaleratu diren azkenengo literatur eta musika nobedadeak erakusteko. Gainera, azokaren inguruan Euskal Poesia erakusketa ikusgai izango da.
Gaur ostirala, azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era da. Asteburuan, aldiz, irekiera ordutegia apur bat aldatuko da, eta 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara izango da. Azoka igandean amaituko da, 20:30ean.
Azokaz gain, ekintzen programak biharko, larunbata, haurrentzako ilustrazio tailerra jasotzen du. 12:00etatik aurrera izango da plazan, eta Galtzagorriko Miren irudi-egilea izango da gidari. Bestalde, igande arratsaldean, 18:30ean, Ixabel Agirresarobe ipuin-kontalariaren eta Mattin ilustratzailearen kontaldia eskainiko da. Agenda osatzeko, asteartean, maiatzak 23, Kokein musika talde eibartarrarekin solasaldia izango da Lobiano Kultur Gunean, 19:15etik aurrera.
Ekimena Ermuko Udalak eta Euskadiko Liburu Ganbarak antolatu dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Gerediaga Elkartearen eta Euskal Birusaren babesa jasotzen du.
Azokaren lehenengo egunak emandakoaren irudiak uzten dizkizuegu jarraian.
Lotutako albisteak
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko