Ostalaritzako ordenantza berriak estreinatuko du Ermuko Udalaren ‘arau-lanketaren arrastoa’

05.06.17
Erakundea

Ermuko Udalak “arau-lanketaren arrastoa” izeneko funtzionalitate berri bat jarri du abian udal webgunean. Hala deitzen zaio udal arauak egiteko prozesu edo modu berriari, eta araua oraindik proiektu denean egiten den kontsulta publikotik hasi eta Udalbatzarrak behin betiko onartu arteko izapideak eta prozesu horretan sortzen diren dokumentu garrantzitsuak erakusten ditu.

Funtzionalitate berri horrek 39/2015 Legeko 129.5. artikuluari (urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) erantzuten dio. Bertan, arauak eratzerako orduan, hartzaile izan daitezkeen pertsonen parte-hartze aktiboa sustatzeko aukera eman behar dela zehazten da.

Horren harira, lege bereko 133. artikuluak lege-mailako arauak eta erregelamenduak prestatzeko prozeduran herritarrek izan dezaketen parte-hartzea arautzen du. Horrela, legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko dela adierazten da, arauaren eraginpean gerta litezkeen subjektuek eta erakunderik ordezkagarrienek duten iritzia jaso ahal izateko.

Udal webguneko Gardentasun Atarian kokatzen den “arau-lanketaren arrastoa” atal berrian, arauak onartzeko prozesu osoaren trazabilitatea jasotzen da. Beraz, prozesuan zehar emandako pausoak, egindako dokumentuak eta ekintzak erregistratuta gelditzen dira. Prozesu berri honen helburuak plangintza hobetzea, herritarren partaidetza sustatzea eta arauak eratu osteko ebaluazioa indartzea dira.

Ordenantza guztiek hiru fase igaroko dituzte: lehenengo, aurretiazko kontsulta publikoa burutuko da, hiritarrek egin nahi dituzten ekarpenak jaso ahal izateko; jarraian, hasierako onespena emango zaio; eta azkenik, Udalbatzak behin betiko onartuko du.

“Arau-lanketaren arrastoa” pasatu den maiatzaren 30ean aurkeztu zen Gai Orokorren eta Udalbatzak Aztertu Beharrekoen Informazio Batzordean. Saioa hemen ikus daiteke.

Ostalaritzako ordenantza, prozesu berria jarraitzen lehena

Prozedura berri honi jarraiki landuko den lehen udal dokumentua ostalaritza-establezimenduen eta aisialdiko jardueren instalazioa eta jarduna arautzen dituen udal ordenantza izango da.

Izan ere, egun indarrean dagoen ostalaritza ordenantza 1992ko urriaren 16koa da. Hori horrela, harrezkero izan diren lege aldaketa guztiekin, ordenantza berritzea beharrezkoa da.

Aldaketa horiekin, 1992. urtetik jasotako esperientziatik abiatuta, hainbat artikulu hobetu eta argitu nahi dira, ordenantza Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legera egokitu eta, gainera, segurtasun, aireztatze, higiene, isolamendu akustiko, edukiera limitazio eta zarata emisioen alorretan onartu diren baldintza berriak gehitu.

Ordenantza berri honen kasuan, aurretiazko prestakuntza lanak oso aurreratuta daude. Hori dela eta, ordenantzaren lehenengo zirriborroan bildu eta aurreikusi diren aldaketak kontsulta publikora eramango dira, araudiak eragingo dien hiritarren eta erakunde ordezkagarrienen iritziak jaso ahal izateko. Horrela, egokitzat hartzen diren aldaketak behin behineko zirriborroan gehituko dira.

Gauzak horrela, aipatutako ordenantzaren aldaketa aurrez onartu aurretik, kontsulta publikora zabaldu da pasatu den maiatzaren 30ean, eta 10 lanegunez indarrean izango da. Beraz, datorren astelehenera arte, ekainak 12, hiritarren iritzia jasoko da inkesta baten bitartez. Hemen bete dezakezu galdetegia.

Ordenantza honen aldaketari, hiritarren partaidetzari eta “arau-lanketaren arrastoari” buruzko xehetasun guztiak udal webguneko Gardentasun Atarian kontsultatu daitezke.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean
Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua