Ertzaintzak eta Udaltzaingoak alkoholemia kontrolen kanpaina indartuko dute jaietan

13.07.17
Hiritarren Segurtasuna

Ermuko Santixau jaietan zehar, Ertzaintza eta Ermuko Udaltzaingoa elkarlanean arituko dira gure herrian gidatzen duten pertsonen artean alkoholemia kontrolatzeko kanpaina berezi bat burutu ahal izateko. Ekintza horren helburua alkohola edateak ibilgailu bat gidatzeko sortzen dituen ondorio txarren kontzientzia areagotzea da.

Horrela, bide-segurtasuneko dispositibo berezi honi esker, hiriko zirkulazioan parte hartzen duten pertsonei baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagorekin gidatzeak zer nolako arriskua suposatzen duen erakutsi nahi da, batez ere ibilgailua gidatzeko beharrezkoak diren arreta, kontrola, koordinazioa eta distantzien kalkuluari dagokienean.

Zer da alkoholemia?

Alkoholemia alkohola edan ondoren odolean dagoen alkohol kantitatea da, eta noski, edandako alkohol kantitatearen araberakoa da.

Alkoholemia igotzen den bitartean gertatzen da alkohol-intoxikazio aldia. Alkohola gibelean oxidatzen hasten denean hasten da desintoxikazioa, baina alkohola hartzen jarraitu ezkero, oxidazioaren abiadura etengabea denez, alkoholemiak gora egiten jarraituko du, alkohol-intoxikazio akutua sor daitekeelarik. Behin edateari utzitakoan hainbat ordu behar dira alkoholemia zerora jaisteko.

Alkohol-tasa gehienezkoak

Orokorrean, gidatzeko gehienez baimendutako alkohol-tasa honakoa da: 0,5 gr/litroko odolean edo 0,25 mg/litroko botatako arnasan. Profesionalen edo hasiberrien kasuan, tasa baxuagoa da: 0,3 gr/litroko odolean edo 0,15 mg/litroko botatako arnasan.

Profesionaltzat hartzen dira salgaiak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuen gidariak, baimendutako gehieneko masa 3.500 kg baino gehiagokoa denean, 9 plaza baino gehiagoko bidaiariak eramateko ibilgailuen gidariak, zerbitzu publiko, eskolako edo adingabeko bidaiarien ibilgailuenak, salgai arriskutsuak eramaten dituztenak, larrialdietako zerbitzuak eta garraio bereziak. Bestalde, gidari hasiberria izango da edozein gidari ibilgailua eraman ahal izateko baimena edo lizentzia lortu eta ondorengo bi urteetan.

Alkoholaren efektuak

Frogatuta dago alkohola edateak, kontzentrazio txikietan izan arren, murriztu egiten duela gidatzeko ahalmena, arreta, ikusmena eta entzumena gutxiagotuz, pertzepzio-gaitasunak nahasiz, eta nekea, logura eta muskuluen akidura sorraraziz. Ondorioz, istripua izateko arriskua handiagoa da.

Pertsona guztiek ez dute berdin jasaten alkoholaren kontsumoa, baina alkoholak, gehiago edo gutxiago, jende guztiari eragiten dio. Gidari batzuek pentsatzen dute erresistentzia-ahalmen handia edukitzeagatik alkohola edanda ere berdin eta arazorik gabe gidatu dezaketela, eta hori pentsamendu okerra da guztiz, organismoan alkohol-maila gehitzen den neurrian gehitzen baitira istripu bat izateko aukerak, direnak direla norbanakoaren gorpuzkera eta izaera. Hona gorputzaren alkoholemia-mailarekin lotura zuzena daukaten alderdi batzuk:

  • Edariaren alkohol kantitatea eta graduak. Ez da gauza bera garagardo bat edatea edo bi kopa koñak edatea.
  • Pertsonaren pisua. Pisu handia duten pertsonek hobeto toleratzen dute alkohola, baina hori ez da arau matematikoa.
  • Alkohola edan denetik iragan den denbora. Urdaila hutsik eduki ezkero gorputzak 30 minututan hartzen du alkohola, eta urdaila beteta eduki ezkero jan eta ordubetera dago alkohol-kontzentraziorik handiena.
  • Janaria. Eragina dute, bai zer janari mota jan den, bai zenbat jan den janari bakoitzetik.
  • Adina. 25 urte baino gazteagoei eta 60 urte baino zaharragoei kalte handiagoa egiten die alkohola edateak.
  • Pertsonen sexua eta gorpuzkera: Orokorrean gizonek emakumeek baino hobeto jasan ohi dute alkohola, baina emakumea lan-munduan sartu denean ohitura asko orekatu egin dira, horien artean alkohola edatearena. Nolanahi ere, pisu eta alkohol kantitate berarekin emakumeak alkoholemia-maila handiagoa ematen du.
  • Nekea: Logurak edo nekeak areagotu egiten dute istripua izateko arriskua, are gehiago alkohola edan denean.

Alkohola droga edo botikekin nahastu ezkero, ondorioak aurre-ikusiezinak dira eta istripua edukitzeko arriskua askoz handiagoa da oraindik.

Uko egin diezaioket alkoholemiaren kontrola pasatzeari?

Gidari guztiak behartuta daude agenteek eginiko errekerimendu guztiak betetzera. Gidariak proba egiteari uko eginez gero, errutinazkoa izanda edota ez izanda ere, Zigor Kodeko 383 artikuluan adierazitako delitua egin lezake eta sei hilabetetik urtebetera arteko kartzela-zigorra ezar liezaioke, eta lau urterako motordun ibilgailuak gidatzeko eskubidea galdu.

Alkoholemia-proban gidariak positibo emanez gero, agenteek ibilgailua geldiarazi eta, zirkulazioarentzat oztopo bada, auto-gordelekura eraman dezakete. Gidaria beste pertsona batekin badoa, ibilgailua beste lagunak gida dezake. Alkoholemia-probari uko eginez gero, agenteek geldiarazi egin dezakete ibilgailua.

Zein da zigorra?

Bide-segurtasunaren Legearen arabera, ezarritakoa baino tasa handiagoarekin ibilgailuak gidatzea arau-hauste oso larria da. Antzeko ondorioak sortzen dituzten beste gai, psikotropiko, estupefaziente edo antzerakoen eraginpean gidatzea ere oso larria da. Alkohol-probari uko egitea ere oso larritzat jotzen da, eta isuna 302 eta 602 euro artekoa izan daiteke, hiru hilabetera arteko epean gidabaimenik gabe gelditzeaz gain.

Kode Penalaren arabera, 1,2 gr/litroko odolean edo 0,60 mg/litroko botatako arnasan baino gehiagoko tasarekin gidatzea delitua da. Hirutik sei hilabete arterako kartzela zigorra jaso daiteke, edota seitik hamabi hilabetera arteko isuna eta gizartearen onurarako lanak egitea 31 egunetik 90era artean. Edozein kasutan ere, motordun ibilgailuak eta ziklomotoreak gidatzeko baimena galduko da urtebete eta lau urte artean.

Eta drogak?

Drogen kontroletan aritzeko modua alkoholaren proben antzekoa da, honako berezitasunekin:

  • Probak trafikoa gainbegiratzeaz arduratzen diren agenteek egingo dituzte. Horretarako, baimendutako dispositibo baten bitartez listuan egingo da proba, eta behar adina kantitate jasota, laginaren analisia egingo da geroago.
  • Proba egiteko agindu zaion gidariak botikak edo medikuak agindutako bestelako sustantziak hartzen baditu, agenteak adierazi beharko dio Trafikoko Lurraldeko Bulegoaren salaketaren jakinarazpena jaso arte itxaron beharko duela. Ondoren, laborategiko probak jasota, 20 egun naturaleko epea izango du gidariak alegazioak aurkezteko.
  • Gidariak drogen probari uko egiten badio, bai hasierako listu proban, bai jarraian egiten den analisian, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delitua egin duela adieraziko da, probak egitea ukatzeagatik.
  • Proben emaitza positiboa bada, Bide-segurtasuneko Legearen 14.1 artikuluaren arabera salatuko da gidaria. Urraketa oso larritzat hartuko da, eta 1.000 euroko isunaz gain, gidabaimeneko 6 puntu galduko ditu.
  • Gidariak probak egiteari uko egiten badio, Bide-segurtasuneko Legearen 14.2 artikuluaren arabera salatuko da gidaria, eta kasu honetan ere, 1.000 euroko isunaz gain, gidabaimeneko 6 puntu galduko ditu.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
29.04.25
‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko
Imagen
Semáforo Kaltxango-Avenida Bizkaia semaforoa
14.04.25
Kaltxangoko semaforoak konpontzeko lanak

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan