Stai Zitto eta La Pegatina, larunbat honetan Santixauetako kontzertu handian

20.07.17
Kultura eta Gazteria

Lau egun baino ez dira falta 2017 honetako Santixau jaien hasiera ofizialerako, eta Ermua jada murgildu da jai giroan. Txarangen arteko joko eta lehiaketek, kirol txapelketek eta musika ekitaldiek girotu dute herria jaietako egitaraua hasi zenetik, pasatu den ostiraletik, uztailak 14, alegia. Asteburu honetan, ordea, Santixauen aurreko kontzertu handiaren txanda iritsiko da, eta bertan izango ditugu La Pegatina eta Stai Zitto ermuarrak.

La Pegatina runba kataluniarra eta ska uztartzen dituen taldea da, eta Bartzelonan sortu zen duela 14 urte. Zortzi musikarik osatzen dute egun talde handi eta alai hau, eta energiaz beteriko festa dibertigarri eta dantzagarria eskaintzen dute. 24 herrialde baino gehiagotan izan dira 1000 kontzertutik gora emanez, eta ikus-entzuleek estilo anitzez gozatzeko aukera izan dute: merengetik runbara, skatik punkera...  Gainera, gaztelania, katalana, galiziera eta portugesa uztartzen dituzte euren abestietan, eta jada sei disko, dokumental bat eta bideojoko bat argitaratu dituzte. Euren azken lanari esker, La Gran Pegatina Live, larunbatean Ermura iritsiko den La Pegatina World Tour bira eskaintzen ari dira.

Kataluniarren ikuskizunaren aurretik, Stai Zitto talde ermuarra izango dugu eszenatoki gainean San Pelaio plaza girotzeko. 2013an jaio zen rock/ska zortzikoteak taldearen izen bereko disko bat eta Bidaia singlea argitaratu ditu orain artean, eta euren herrian bertan izango ditugu larunbatean abesti horiek guztiak aurkezteko prest.

Kontzertua 22:30ean hasiko da Ermuko San Pelaio plazan, eta La Pegatina taldeko kideek esaten duten moduan, festa, giro ona eta musika ona izango dira ekitaldi honetako protagonistak.

Lotutako albisteak

Imagen
Santixauak 2025 - Los Zigarros taldearen kontzertua | Santiagos 2025 - Concierto de la banda Los Zigarros
21.07.25
Musika, dantza, jolasak eta kirola protagonista Santixauen aurreko programa koloretsuan

Playback lehiaketarekin amaituko dira gaur txarangen arteko jolasak
Imagen
18.07.25
Jarduera ugari izango dugu, jaien aurreko asteburuan

Egitarauak gustu guztietarako hamabost bat jarduera eskaintzen ditu
Imagen
18.07.25
‘Gatibu’ eta ‘Los Zigarros’ taldeek Santixauei hasiera emango diete

Taldeek kontzertua emango gaur eta bihar, hurrenez hurren, San Pelaion, 23:00etan hasita