Elizako dorrearen eta kupula garbitu eta saneatzeko lanetan ari da Ermuko parrokia

18.08.17
Hirigintza

Herriko Santiago Apostoluaren elizako dorrea eta kupula garbitu eta saneatzeko lanetan ari da Ermuko parrokia. Eraikinaren zati bat –Santiago plazatxoko eta Baldespina Markesaren kaleko zati bat hesiz itxita daude uztailetik. Alboko portikoen aurrean mekano eta hodi aldamioa jarri da, zeinak dorrea eta kupula babesten dituen. Egitura horren bidez garbiketan eta saneatzeko lanetan ari diren langileek dorrearen goko punturaino irits daitezke.

Maiatzean pinakuluak erremate moduan duen burdinazko gurutzea ea okertuta zegoen eta herdoildurik jausi zitekeen edo ez susmoa izan zen. Enpresa aditu batek droia ekarri eta haren gainetik hegaldia egin zuen argazkiak ateraz. Irudietan ikus zitekeen gurutzea herdoildurik egoteaz gain, baita okerturik zegoela ere, doi-doi eutsita egonik. Hortaz, baieztatu egin zen behetik eta begien bidez ikusten zena, okerturik zegoen. Hegaldiaren bidez lorturiko xehetasunetan antzeman zitekeen dorrean hainbat landare eta zuhaixkak ere bazeudela, onddo eta likenak ere ugari zeudela eta guztiak garbiketa sakona behar zuela.

Uztailean enpresa batek egitura metalikoa muntatu eta horren inguruan babesteko sarea jarri zuen. Dorrera igo ondoren, langileak ikusi zuten pitsadura txikiak ere bazeudela, horregatik, horiek estali, zuhaixka-belarrak ezabatu eta kupula garbitu egin dute.

Santiago Apostoluaren eliza XVI. mendean eraiki eta 1602an handitu eta berreraiki zuten. Estilo errenazentista du. Eliza honen kanpandorreak aurrean duen Valdespina jauregiko dorrearekin bat egiten du, oso antzekoak baitira biak. Kanpandorrea barrokoa da, kanpai-gela oktogonala du eta gainean kupula eta pinakulu ditu.

Lotutako albisteak

Imagen
06.03.26
Datorren astean tren geltokiko estalkia garbituko du ETSk

Lanak astelehen eta astearte gauean egingo dira, katenaria korronte elektrikorik gabe utzi behar delako
Imagen
05.03.26
Ongaraira doan igogailua zerbitzurik gabe bi egunez, mantentze eta konponketa lanetarako

Zerbitzuz kanpo egongo da, astelehen goizetik astearte arratsaldera arte
Imagen
02.03.26
Hirigintzak zabalik du Bide Berdearen proiektuari ekarpenak egiteko epea

Martxoaren 13ra arte ekarpenak@udalermua.net helbidera bidal daitezke