Zinerik onena ostegunetik aurrera berriro ikusgai Ermua Antzokian

05.09.17
Ermua Antzokia

Abuztua eta udako oporrak amaituta, Ermua Antzokia hasi da pixkanaka kultur jarduerak berreskuratzen. Horrela, ostegun honetan, irailak 7, hilabete honetako zine programazioari ekingo zaio denboraldiko lehenengo zineklub saioarekin.

16 pelikulak osatzen dute iraileko zine programazioa: 4 zineklub saio, 8 pelikula komertzial eta 4 haurrentzako emanaldi izango ditugu datozen asteetan. Gainera, orain arte moduan, hileko zine bonoa eskuratzeko aukera izango dugu hil honetan 14,4 euroren truke. Horri esker, helduen zine komertzial eta zineklub saioetara joateko aukera izango dugu pelikula bakoitzeko 1,2 euro soilik ordainduta. 3D pelikulek, baina, 2 euro gehiago balioko dute. Bonoa Lobiano Kultur Gunean nahiz Ermua Antzokiko leihatilan eskuratu daiteke.

Denboraldi berriko lehenengo saioan Verano 1993 film kataluniarra eskainiko da, Carla Simón zuzendariaren estreinako lana. Bertan, bere historia kontatzera ausartu da zinegilea. 1993. urtean abiatzen da kontakizuna. Frida 6 urteko neskatoak bere lehenengo uda igaroko du adopzioko familia berriarekin, bere ama hil ostean. 97 minutuko pelikula honek kritika oso onak jaso ditu, eta 2017ko Berlinale jaialdian Opera Prima Onenaren Saria eta Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu ditu, besteak beste. Verano 1993 ostegun honetan eskainiko da 20:30etik aurrera katalanez eta gaztelerazko azpitituluekin.

Zine komertzialaren programazioari dagokionez, lehenengo saioa larunbat honetan izango da, 19:30ean, Blandine Lenoir zuzendari frantziarrarren 50 primaveras lanaren eskutik. Komedia azkar honetan, Aurore bananduta dago, lanpostua galdu berri du eta, hori guztia gutxi balitz, amona izan behar du. 50 urterekin, bere bizitza ez atzera eta ez aurrera dagoela uste du, baina faktore berri batek are gehiago aldatuko du haren egoera. Angès Jaoui aktorearen lan paregabearekin, 50 primaveras ñabardura eta xehetasunez betetako filma da, ikus-entzule bakoitzak era desberdinean gozatu ahal izateko. Pelikula igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere eskainiko da.

Asteburuko bigarren film komertziala Matt Reeves estatubatuarrak zuzendutako La guerra del Planeta de los Simios 3D izango da, zinearen klasiko baten itzuli berri bat, alegia. Woody Harrelsonen lan ederra eta oso ezkutuan ez dagoen mezu politikoa dira pelikula honen alde esanguratsuenak. Cesar eta bere tximuek gizakien ejertzito erraldoi baten aurka egingo dute borroka pelikula honetan. Lehia horren emaitzak erabakiko du planetaren etorkizuna. Filma larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.

Haurren saioari dagokionez, igandean 17:00etatik aurrera Ardiak eta otsoak euskarazko animazio filma eskainiko da. Artalde baketsu bat eta otsoen talde xelebre bat aurrez aurre izango dira biziraun ahal izateko... edo ez.

Informazio gehiagorako, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
26.11.25
‘Tanttaka'k bizitzaren zailtasunen inguruko endredozko komedia aurkeztuko Antzokian

‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean