Ibilaldi osasungarriek erritmoa berreskuratuko dute ostegun honetan
Ermua Mugi! ekimenak ohiko jarduerari ekin dio jada udako atsedenaldiaren ostean, eta aste honetan bertan berriro abian izango dira 2015eko ekainean arrakasta handiz estreinatu ziren ibilaldi osasungarriak.
Herriko hiru zirkuitu inteligenteak izango dira, beste behin, irailaren 14an hasiko diren saioetan burutuko diren ibilbideak.
Ekimena herritar guztiei zuzenduta dago, baina bereziki bakarrik bizi diren 50 urtetik gorako pertsonei eta dependentzia duten pertsonak zaintzen dituztenei. Helburu nagusia ariketa fisikoa modu jarraituan egitea bultzatzea da eta, era berean, kirolean oinarrituta, pertsonen arteko harremanak indartu nahi dira.
Denboraldi honetako berrikuntza nagusia saio kopurua izango da, irailetik azarora bitartean 10 saio izango baitira, iaz baino hiru gehiago. Horrela, ekimena ostegunero izango da irailaren 14tik azaroaren 23ra (urriaren 12an izan ezik, jaieguna baita), eta Ermua-Zaldibar Eguneko Ospitaleko langileek eta Jubilatuen Etxeko boluntarioek zainduko dute uneoro.
Ibilaldi guztiak 10:00etan hasiko dira Zubiaurren, eta ordu eta erdi inguruko zirkuituak osatu ostean, San Pelaio plazako kioskoan bilduko dira parte-hartzaileak, gosari osasungarriaz gozatzeko: fruta bat edo bi eta ur botila bat.
Esan bezala, saioak ostegun honetan hasiko dira, Zubiaurre eta Sallabente arteko lehenengo ibilaldiarekin (3.410 metro). Hurrengo saioan, irailaren 21ean, Zubiaurre eta Karabiaga arteko bidea osatuko da (3.810 metro) eta segidan, irailaren 28an, Zubiaurre-Urtia zirkuitua egingo da (3.160 metro). Horrela, ordena horretan, azaroaren 23a arte errepikatu egingo dira hiru ibilbideak.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke