Zabalik da euskara ikasleentzako diru-laguntzetako deialdia
Ermuko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, 2017ko beka deialdia zabaldu berri du ikastetxe homologatu eta pribatuetan euskara ikasten aritu diren ermuarrentzako.
Diru-laguntzak eskatzeko epea aste honetan zabaldu da, eta datorren urriaren 27an amaituko da, ostirala. Interesa duten pertsonek eskaera bete eta oinarrietan zehazten den informazioa entregatu beharko dute hiritarren arretarako Abiapuntu bulegoan (Konbentukoa, 3). Berrikuntza gisa, aurten modu telematikoan ere egin ahalko dira eskaerak Ermuko Udalaren Egoitza Elektronikoan. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitalarekin identifikatzea eta Internet Explorer nabigatzailea erabiltzea.
Iazko deialdian 78 pertsonak bete zituzten diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintzak, eta horien artean 15.156 euro banatu ziren. Aurtengoan, eskaera berriei erantzuteko diru partida 16.500 eurokoa da.
Diru-laguntza ohikoena matrikularen %50a izaten da, baina lehenengo aldiz euskara ikasten duten edo baldintza ekonomiko urriak dituztela egiaztatzen duten ermuarrek %75erainoko beka jasotzeko aukera izan dezakete. Horretaz gain, umeekin aritzen diren hezitzaileek (begiraleak, entrenatzaileak...) zein Ermuko merkataritzan eta ostalaritzan jendaurreko lanpostuetan aritzen diren langileek ere, euskararen berreskurapenerako giltzarri diren heinean, %75erainoko diru-laguntza jasotzeko aukera izango dute.
Ermuko Udalak eskaintzen dituen laguntzez gain, HABE erakundeak ere dagokien maila egiaztatu duten ikasleei zuzendutako bekak izaten ditu. Eskaera horiek aurkezteko epea urriaren 5ean amaituko da, osteguna, eta Ermuko Udalaren diru-laguntzekin bateragarriak dira, betiere gainfinantzaketa egoera gertatzen ez den heinean.
Lotutako albisteak
Euskararen Egunean, egindako jaialdian Ermua Antzokian
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin