Abian da Beldur Barik Jarrera 2017 lehiaketa
Beldur Barik programak Beldur Barik Jarrera lehiaketaren zortzigarren edizioa antolatu du, Emakundek gazteen arteko indarkeria sexista saihesteko asmoz antolatzen duen urteroko ekimena, alegia. Emakumeek jasaten dituzten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen arte-adierazpen mota oro onartzea, baloratzea eta bultzatzea da ikus-entzunezko lehiaketa honen helburua, eta parte-hartzaileek ezberdintasun egoerei errespetuz, parekidetasunez, askatasunez, autonomiaz, elkarkidetzaz eta indarkeria sexista irmoki baztertuz aurre egiten dietela erakutsi behar dute.
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo ikasten duten 12 eta 26 urte arteko pertsona guztiei zuzenduta dago lehiaketa, eta banaka nahiz taldeka parte hartu daiteke. Mota guztietako arte adierazpenak onartzen dira, betiere ikus-entzunezko formatuan aurkezten badira: flashmobak, kamera aurrean irakurritako poemak eta testuak, bideoklipak, argazkiak, foto-muntaiak, lipdubak, eta abar. Garrantzitsuena da proiektuek Beldur Barik jarrera islatzea eta emakumeen aurkako indarkeria modu ezberdinak gainditzeko konpromiso pertsonala eta kolektiboa erakustea. Hori guztia, harreman libreak, errespetuzkoak, berdintasunezkoak, anitzak eta ez sexistak eraiki ahal izateko. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, lanaren kalitate teknikoaz eta artistikoaz gain, mezuaren kalitatea, emakumeen jabekuntzaren inguruko gogoeta eta eztabaida eragiteko duen gaitasuna eta gizonezkoek matxismoaren aurka duten konpromisoa hartuko dira kontuan lanak baloratzeko unean. Horretaz gain, euskararen erabilera eta azpitituluak gehitzea positiboki baloratuko dira, entzumen arazoak dituzten pertsonei mugak ezabatzeagatik.
Lan guztiak ikus-entzunezko formatuan aurkeztu beharko dira, gehienez ere 5 minutuko iraupenarekin, YouTube edo Vimeo bezalako bideo plataforma bateko lotura baten bitartez eta Beldur Bariken webgunean galdetegi bat beteta. Parte hartzeko epea azaroaren 13an amaitzen da, astelehena, eta aurkezten diren lanak bi kategoriatan banatuko dira: 12 eta 17 urte artekoak eta 18 eta 26 urte artekoak. Lan guztiek oinarriak bete beharko dituzte, besteak beste, lehiaketaren helburuak islatzea, originalak izatea eta aurrez beste lehiaketetara aurkeztu gabeak izatea.
Lehiaketan saritutako lanak abenduaren 2an, larunbata, ezagutuko dira Eibarren ospatuko den Beldur Barik Topaketan. Bertan, irabazleak iragartzeaz gain, eztabaidak, formazio tailerrak eta jarduera ludikoak burutuko dira.
Bi kategorietan, 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia banatuko dira. Gainera, publikoaren saria eta ikus-entzunezko produkzio onenaren saria ere emango dira, bakoitza 300 eurokoa. Publikoaren saria azaroaren 24tik aurrera bozkatu ahalko da Beldur Bariken webgunean.
Herri mailako lehiaketa Ermuan
Erkidego mailan egingo den lehiaketaz gain, Ermuko Udaleko Berdintasun sailak Beldur Barik jarrera sariketara aurkezten diren herritarren lanik onenak sarituko ditu.
Lehiaketaren oinarri orokorrak berdinak dira bi kategorietan, eta 300 euroko bi sari banatuko dira (lehiaketaren sari nagusiarekin bateragarriak izango dira).
Azaroaren 23an, osteguna, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat, Ermua Beldur Barik jaialdia ospatuko da Lobiano Kultur Gunean, eta herriko lagunen lanak aurkezteaz gain, saridunak zeintzuk izan diren iragarriko da.
Jarraian 2017ko Beldur Barik Jarrera lehiaketako spota uzten dizuegu.
Lotutako albisteak
Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan