Komediaz eta animazioz betetako asteburua Ermua Antzokian
Zine komertziala eta haurrentzako programazioa eskutik datoz asteburu honetan Ermuko film eskaintzan. Zine programazioa larunbat honetan hasiko da 19:30ean Abracadabra filmaren lehen emanaldiarekin. Pablo Berger zuzendari bilbotarraren komedia burugabe honek Maribel Verdú, Antonio de la Torre, José Mota eta Ramón Barea bezalako aktore ezagunak ditu protagonista. Carmen, Madrilgo Carabanchel auzoko etxeko andre xelebrea, bere senar Carlos izpiritu maltzur batek hartu duela konturatu da. Horren ondorioz, senarra berreskuratzeko ikerketa sakon, ero eta beldurgarria hasiko du. Abracadabra inor hotz utziko ez duen pelikula da, eta larunbatean 19:30ean emititzeaz gain, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere izango dugu ikusteko aukera.
Asteburuko bigarren film komertziala Lucia Anello zuzendari estatubatuarraren Una noche fuera de control komedia izango da. Jada kontatuta dagoen istorioa dirudi umorez eta txantxaz betetako pelikula honek, baina emakumeen ikuspuntuak dimentsio berri bat eta, batez ere, dibertsio gehiago ematen dio. Unibertsitate garaiko bost lagun berriro elkartu dira 10 urte geroago euretako bati ezkondu aurreko agurra emateko. Festa ikusgarria izateko asmotan abiatzen dena sekulako gau eroa bihurtuko da. Filma larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera aurtengo udako animaziozko pelikula entzutetsuenetako bat emitituko da: Cars 3 3D. Rayo McQueen bueltan da Pixarren eskutik, bere lehiatzeko garaia ez dela amaitu erakusteko asmoz. Bere ibilbide profesionala berreskuratzeko, Cruz Ramírez mekanikariaren laguntza beharko du; horrek bere plan propioa du irabazteko eta 95. zenbakia oraindik bizirik dagoela frogatzeko. Txapeldunak ahal duen guztia egin beharko du Pistón Kopako zirkuitu handian garaile izateko.
Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean