Datorren astelehenean hasiko da San Martin azokarako izen-ematea
Azaroaren 11n, larunbata, aurtengo San Martin azoka ezaguna ospatuko da gure herrian. Dagoeneko jai girora gerturatzen ari gara, eta antolaketa lanak hasita daude festa honen 28. edizioko programa osatzeko.
Datorren astelehenean, urriak 2, nekazarien azokan parte hartzeko izen-ematea zabalduko da. Eskabideak Abiapuntuko bulegoetan aurkeztu daitezke hilaren 11 arte, asteazkena, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara. Interesdunek eskabide orria behar bezala beteta eraman beharko dute, eta ekintza bakoitzari dagokion dokumentazio gehigarria.
Sei multzotan banatuko da aurten ere San Martin azokako lehiaketa: fruta eta ortuariak, gazta, sagardoa, txakolina, ogia eta eztia. Bertan parte hartu ahal izango dute Durangaldeko eta Lea-Artibai eskualdeko baserritar eta ekoizleek, baita mugakide dugun Eibar herrikoek ere. Salbuespen gisa, ezti, sagardo eta txakolin lehiaketen kasuan Bizkai osoko ekoizleak onartuko dira.
San Martin nekazari lehiaketaren oinarriak
Aurtengo edizioan 900 euro banatuko dira saritan, eta horretaz gain, fruta eta ortuarien erakusketan parte hartzen duten partaideek 60 euroko dieta jasoko dute. Bestalde, aipamen berezia egingo zaio saririk eskuratu ez arren, erakustokirik txukunena eta dotoreena jartzen duen lehiakideari.
Argibide gehiago jasotzeko edo zalantzak argitzeko, interesdunek Udal Euskara Zerbitzura (943 17 91 47) edo Euskal Birusa elkarteko egoitzara (943 17 93 50) deitu dezakete.
Jarraian iazko San Martin azokako irudiak uzten dizkizuegu.
Lotutako albisteak
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko