Zientziaren alderik atsegin eta dibertigarriena

29.09.17
Erakundea

Ermua eta Eibar dira hastear dagoen Ciencia en Acción programaren hamazortzigarren edizioko egoitzak. Zientzia eta teknologia eskutik izango ditugu urriaren 6an, 7an eta 8an gure herrian eta ondokoan, eta 160 proiektu zientifiko baino gehiago ikusteko aukera izango dugu.

Lehiaketa honen helburua gaztetxoen artean zientziak eta teknologiak duten garrantzia hedatzea, kontzientziatzea eta erakustea da, etorkizunerako eta enplegurako aukerak sor ditzaketen arloak baitira. Izan ere, zientzia dibertigarria izan daiteke, eta beharrezkoa, gainera, gizarterako. Hori horrela, bokazio zientifikoak suspertzea eta areagotzea nahi da zientzia eta dibertsioa uztartzen dituzten proiektu eta esperimentuen bitartez, lanak modu dinamikoan, erakargarrian eta motibatzailean aurkeztuz.

Estatu guztiko ikastetxeetako 600 ikasle eta irakasle baino gehiagok jada izena eman dute Ermuan eta Eibarren izango diren ekitaldietan parte hartzeko, eta arrakasta handia izango dela espero da. 442 lan aurkeztu dira guztira Ciencia en Acción lehiaketara, eta horietatik 164 pasatu dira urriaren 6an eta 7an Izarra Centren izango den finalera. Bertan, autonomia ezberdinetako eta Frantziako, Portugalgo, Kolonbiako eta AEBetako neska-mutilek egindako lanak ikusteko aukera izango da. Horien artean, Ermuko hiru ikastetxetako ikasleak izango dira: Anaitasuna Ikastolakoak, San Pelaio Ikastetxekoak eta Ermua-Mallabia LHZkoak.

Herriko hiru zentroak Fisika eta Kimika Erakustaldiak, Eszenaratzea eta Zientzia eta Teknologia kategorietara aurkeztu dira.

Publiko guztientzat moduko erakustaldiak

Ciencia en Acción lehiaketak kokapen desberdinak izango ditu Ermuan ekitaldiak ikusi ahal izateko: Izarra Centre, Merkatu Plaza eta San Pelaioko kioskoa. Urriaren 6an eta 7an gure herrian ikusgai izango ditugun proiektuetako hiru aurkezten dizkizuegu adibide gisa:

  • Nola salbatu ardiak otsoetatik, Julen Kortajarenaren eskutik (Begoñazpi, Bizkaia). Proiektu honen helburua ardiak otsoek egiten dituzten etengabeko erasoetatik salbatzea da. Horretarako, ardiek otsoen erasoen aurrean izaten dituzten erreakzioak eta otsoak izutu ditzaketen faktoreak ikertu dira. Konponbide gisa, aparailu elektroniko bat sortu da ardien pultsua neurtzeko, eta minutuko 160 taupada gainditzen dituenean, artzainari mezu bat bidaltzen dio ardiak izututa daudela jakiteko eta otsoak uxatzeko gai den soinu bat sortzen du.
  • Mugarik gabeko ikastetxe baten alde, Encarna Gómezen eskutik (IES Sanje, Murtzia). Proiektu honetan, ikasleek euren ikastetxeko gune nagusietan dauden arkitektura mugak ikertzeko lan teknikoa egin dute. Gainera, une honetan zentroa handitzeko eta berritzeko egiten ari diren obrak errebisatu dituzte irisgarritasuna kontuan izanda. Bestalde, ONCEren babesarekin, arkitektura mugek egiten duten diskriminazioaren inguruko kontzientziazio lana egin dute ikastetxeko erabiltzaileen artean. Horretarako, bideoak eta ginkana original bat erabili dira.
  • Hilketa bat argitzen, Mª Aranzazu Luzónen eskutik (Zaragozako Unibertsitatea). Lan honek geologia forentsea du oinarri, edukiak ikasteko estrategia gisa. Helburua, batetik, geologiarenganako motibazioa areagotzea da, ikasleentzat interesgarriak izan daitezkeen arazoak konpontzeko gai den zientzia gisa aurkeztuta (polizien telesailekin duen antzekotasuna ardatz hartuta); eta, bestetik, ikasleen sormena eta talde-lana bultzatzea da, oinarrizko zientzia eta bere metodoak ikasteko interesa piztuz. Horretarako, gaitasun multzo bat erabiltzen da, esaterako, eskala ezberdinetan lagin geologikoak ikustea (bisu eta mikroskopia) eta iparrorratzarekin orientatzea eta erabiltzea.

Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ciencia en Acción ekimenaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean
Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua