Gaztela Leongo zentroak José Merino Memoriala antolatu du bere kultur astea ospatzeko
Ermuko Gaztela Leongo Kultur Zentroko Atletismo Klubak José Merinoren omenezko herri lasterketa antolatu du beste behin. Aurtengoa hogeita hamargarren edizioa izango da, eta larunbat honetan lehiatuko da, irailak 30, herriko kaleetan zehar.
Kirol festa 16:30etik aurrera hasiko da. Eguneko lehenengo lasterketan aurre-benjaminak lehiatuko dira 250 metroko zirkuituan zehar. Jarraian kategoria ezberdinetako parte-hartzaileek egingo dute korrika, eta azkenik, 18:00etatik aurrera, seniorren eta beteranoen txanda izango da. Horiek 10 kilometroko luzera duen zirkuitua osatuko dute Ermuko kaleetan barrena.
Lasterketa Gaztela Leongo zentroaren aurretik abiatuko da, eta Probaleku kalean kokatuko da helmuga.
Izen-ematea lasterketak hasi baino ordu erdi lehenago egin ahal izango da Gaztela Leongo zentroan. Seniorren eta beteranoen kasuan, Herri Krosa webgunean erregistratu beharko da 10 euroren truke, edota egunean bertan izena eman 13 euroren truke.
Proban parte hartzen duten pertsona guztiek opari bat jasoko dute, eta lehenengo sailkatuek, gainera, garaikurra eta dirusaria izango dituzte. Gainera, lasterketa amaitu ostean, parte-hartzaile guztiek Miguel Ángel Blanco kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute, doan.
Informazio gehiago behar izanez gero, Ermuko Gaztela Leongo zentroan edota atletismocastillayleonermua@gmail.com helbide elektronikoan kontsultak egin daitezke.
Ekitaldiak aste osoan zehar
Ermuko Gaztela Leongo Zentroaren XXXV. Kultur eta Kirol astea ostiral honetan hasiko da, irailak 29, zentroan bertan eta udaletxean bandera igoerarekin. Gainera, 17:30etik 19:30era haurrentzako jaia izango da Begira Antzerkiaren eskutik.
Igandean, urriak 1, Futbolin Txapelketa ospatuko da Patakonia trabesian 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta astelehenetik aurrera Mugartearen pintura erakusketa izango da ikusgai zentro kulturalaren instalazioetan.
Datorren larunbatean, urriak 7, egun berezia ospatuko dute Patakonia trabesian, ohorezko ardoa barne 13:30ean.
Kultur astea amaitzeko, urriaren 8an, igandea, anaitasun bazkaria ospatuko da Tribuna jatetxean.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu