16 pelikulak osatzen dute Ermua Antzokiko urriko zine programazioa

03.10.17
Ermua Antzokia

Hileko zine programazioa ostegun honetan hasiko da, urriak 5, Ermua Antzokian, eta datozen asteetan pelikula onenak ikusteko aukera izango dugu gure herrian. Guztira 16 filmek osatzen dute urriko zine eskaintza: lau zineklub saio, zortzi pelikula komertzial eta etxeko txikienei zuzendutako lau emanaldi, zehazki.

Urrian ere, hilero bezala, eskuragai izango da hileko zine bonoa Lobiano Kultur Gunean eta Ermua Antzokiko leihatilan. Oraingoan 14,4 euroko prezioa izango du, eta helduen zine emanaldietara eta zineklubera sartzeko aukera eskaintzen du pelikula bakoitzeko 1,2 euroren truke. Gogorarazi nahi dugu, halaber, 3Dn emititzen diren filmek 2 euro gehiagoko prezioa izango dutela.

Urriko zine programazioa, beraz, ostegun honetan hasiko da lehenengo zineklub saioarekin, eta Meru: odisea en el Himalaya dokumental estatubatuarra izango dugu ikusgai. Jimmy Chin eta Elizabeth Chai Vasarhelyik zuzendutako mendiko film izugarri honetan, eliteko hiru eskalatzailek euren bidea aurkitu nahi dute Meru mendia igotzeko, Himalayan gehien miresten den gailurretako bat, hain zuzen. Ikusgarria eta erakargarria, Meru: odisea en el Himalaya Artarrai Mendi Taldearekin elkarlanean eskainiko da, elkarteak antolatzen duen mendi jardunaldien barnean. Filma ostegunean 20:30ean emitituko da azpititulatutako jatorrizko bertsioan.

Zine komertzialari dagokionez, programazioa larunbat honetan hasiko da 19:30ean Andrés M. Koppel zuzendariaren La niebla y la doncella zinta espainiarraren lehenengo emanaldiarekin. Quim Gutiérrez, Verónica Echegui, Aura Garrido eta Roberto Álamo ditu protagonista thriller indartsu honek, eta Lorenzo Silvaren eleberri arrakastatsuan oinarrituz, zine beltz eta ilunaren eta ongi landutako gidoiaren adibide ederra erakusten du. Guardia Zibileko bi ikertzaile La Gomera uhartera joango dira bertako goi mailako politikariak tartean dituen kasu kriminal zahar bat argitzen saiatzeko. La niebla y la doncella igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere ikusgai izango da.

Asteko bigarren film komertziala Detroit izango da, egun sasoiko dagoen zuzendarietako baten azken lana, Kathryn Bigelow estatubatuarra, hain zuzen. En zona hostil eta La noche más oscura bezalako film esanguratsuak zuzendu ditu Bigelowk, eta oraingoan, 1967an Detroit hirian gertatutako liskarrak azaltzen dituen arraza drama dakar. Bertan, polizia operazio baten harira hiri guztian izandako altxamenduak agertzen dira, tentsioz eta zorroztasunez beteta eta modu ausartean, ikus-entzuleak gertatutakoaren zentzugabekeriara eraman ahal izateko. Detroit larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.

Azkenik, haurrentzako igandeko saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera Emoji, la película animazio filma eskainiko da. Textopolis lurralde misteriotsuan bizi dira emotikonoak. Guztiak ezberdinak dira, baina berdinak era berean. Bakoitzak espresio ezberdina dauka, baina bat eta bakarra. Baina Gen emotikonoa beste guztien aldean ezberdina da.

Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
10.06.25
Banarte Antzerki Taldeak "Cuentra atrás" aurkeztuko du Ermuan

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian
Imagen
Fotografía del elenco de la obra de teatro Antigona
28.05.25
Sutegi antzerki taldeak ‘Antigona’ aurkeztuko du Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera
Imagen
27.05.25
Ermua Antzokiak denboraldiko azken lau filmak proiektatuko ditu

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu