Minbiziaren aurkako martxako dortsalen salmenta, azken txanpan
Iristear da urriaren 22a, igandea, ermuarron egutegian gorriz ongi markatutako eguna. Izan ere, bi aste barru ospatuko da Minbiziaren aurkako Martxa solidarioaren III. edizioa gure herrian, eta antolatzaileak lan eta lan ari dira guztia aurreikusita bezala igaro dadin.
Kamiseten eta dortsalen salmenta epea amaitzear da, aste hau baino ez baita gelditzen kanpaina ixteko. Minbiziaren kontrako Espainiako Elkartearen -AECC- Tokiko Batzarrak 3.500 kamiseta prestatu ditu datorren urriaren 22an, igandea, ospatuko den martxarako, eta 3.000 unitate inguru saldu ditu dagoeneko. Salmentak abian jarraituko du larunbatera arte, urriak 7, elkarteak Merkatu plazan duen lokalean. Asteazkenean, ostegunean eta ostiralean 17:00etatik 19:00etara izango dira eskuragarri kamisetak eta dortsalak, eta larunbatean, aldiz, 11:00etatik 13:00etara. Parte-hartzaile bakoitzak 6 euro ordaindu beharko ditu.
Ermuko Minbiziaren aurkako Martxaren hirugarren edizioaren helburua CIC Biogune zentroko Arkaitz Carracedo medikuak zuzentzen duen Prostataren minbizia antzemateko odol-zelulen artean ematen den komunikazioa ikerketaren beka ordaintzea da, eta horretarako erabiliko da jasotako dirua.
Probaren inguruko xehetasunak
Minbiziaren aurkako III. Martxa solidarioa urriaren 22an izango da, igandea, 11:00etatik aurrera. Ibilbidea iazko berdina izango da, 3.400 metrokoa, eta gure herriko kaleetan zehar igaroko da. Bidea korrikan –kontrolatutako distantzian-, oinez edo paseoan egin ahalko da. Ez dago mugarik ez eta baldintzarik, borondatea eta gogoa besterik ez dira behar.
Proba amaitzean, parte-hartzaile bakoitzak hainbat elikagaiz osatutako poltsa bat jasoko du, kolaboratzen duten merkatariei esker.
Boluntario talde bat ari da martxa antolatzeko lanak burutzen, eta Gaztela Leongo Zentroaren laguntza izango dute ibilbidea zehazteko, mahaiak muntatzeko eta zintak jartzeko lanetan, besteak beste.
Antolatzaileek hainbat merkatal etxe eta enpresen laguntza dute, eta horien berri emanen dute argitaraturiko kartel eta jarduera iragartzaileetan.
Jaia nagusi herrian
Martxa solidarioa ospatzeaz gain, urriaren 22an etxeko txikienentzat moduko ekintzak izango dira Orbe Kardinala plazan, eta Daniel Ross magoak ikuskizuna eskainiko du ibilaldia amaitzen denean.
Bestalde, 13:00ak inguruan, behin lasterketa amaituta, Ermuko ikastetxeetako neska-mutilek ortu osasungarrietan landutako produktuekin osatutako otarra zozketatuko da plazan. Dortsala duten pertsona guztiek automatikoki parte hartuko dute zozketan, eta zenbaki saritua ateratzen den une berean banatuko da otarra. Saria tokatzen zaion pertsona ez bada otarraren bila igotzen 15 minutuko epean, beste zenbaki bat aterako da.
Horrekin guztiarekin, Tokiko Batzordeak hiritar guztiak ekimen solidario honetan parte hartzera animatu nahi ditu, minbiziaren aurkako ikerketan aurrerapausoak ematen jarraitu ahal izateko.
Minbiziaren aurkako III. Martxa solidarioaren kartela eta programa
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu