Ermuko ikastetxeek euren dohain zientifikoak erakutsi dizkiete hiritarrei
Ciencia en Acción programak aurrera jarraitzen du Ermuan, Izarra Centre eraikin barruan nahiz kanpoan, San Pelaio plazako kioskoan eta Merkatu Plazan zientzia erakustaldiak eta zabalkunde ekimenak aurkeztuz. Gaur gozagarri dugun eguraldi ona aprobetxatuz, ehunka hiritar kalean dira herriko hainbat puntutan kokatuta dauden esperimentuak ikusi ahal izateko.
Ermuko ikastetxeak ere zientziaren inguruko lehiaketa honetan parte hartzen ari dira, euren lanik onenak erakutsiz. Anaitasuna Ikastola da parte-hartzaileetako bat, eta lau esperimentu ditu ikusgai Izarra Centre atarian kokatu den karpan. Alde batetik, fisika alorrean, Lehertzen ez den puxika eta Botilatik igotzen den ura lanak aurkeztu ditu, eta bestetik, kimika kategorian, Azukrezko piruletak eta Esperimentatzen obrak ikus daitezke. Agurtza Totorika eta Mari Luz Garitaonaindiak zuzendutako ikasle taldeek ariketa bakoitzaren nondik norakoak azaldu dizkiete festa girora gerturatu diren hiritarrei.
Ermua-Mallabia LHZko ikasleek ere Ciencia en Acción lehiaketako finalera iristea lortu dute, Zientzia eta Teknologia kategorian. Mari Feli Aranburu irakasleak zuzendutako ikasle taldeak Enterprise proposamena aurkeztu du; bertan, nahasketa ezberdinen eta erreminta egokien bitartez, guztien artean eraikitako ‘suziriak’ aireratzea lortzen dute, altuera ona eskuratuz, gainera. Parte-hartzaile taldeak erakusketa praktikoa egin du Izarra Centreko atrioan, eta gerturatu diren guztiek ikusi ahal izan dute nola egiten duten hegan suziri prototipo ezberdinek; guztiak, gainera, plastikozko botilak oinarri dituztela eraiki dituzte. Sormen prozesu osoa Izarra Centreko bosgarren solairuan dago ikusgai.
Bestalde, San Pelaio ikastetxeko ikasleak Desafio Challenger erakusketa antzeztuarekin ausartu dira San Pelaio plazako kioskoan. Bertara azaldu den jende andanaren aurrean, Ermuko neska-mutilek antzezpen original bat aurkeztu dute, non biologia, geologia, fisika eta beste arlo zientifiko batzuk uztartu dituzten antzerki lan bizi bat sortzeko. Obra hau gaur larunbata arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango da berriro ikusgai.
Jarraian, Ciencia en Acción lehiaketaren XVIII. edizioan herriko parte-hartzaileek egindako lanen eta erakustaldien irudiak uzten dizkizuegu. Gogoratzen dizuegu larunbat arratsalde honetan ere programak aurrera jarraitzen duela hainbat ekitaldirekin.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua