Artarraik larunbaterako 'Mugarriz Mugarri' txangoa antolatu du
Artarrai mendi taldeak Ermuko lurralde mugen arteko bederatzigarren mendi ibilaldia antolatu du larunbat honetarako. Irteera hori zabalik dago nahi duen guztiarentzat eta parte hartzaileak Patxi plazan bildu eta abiatuko dira goizeko 8etan. Antolatzaileek adierazi dutenez ibilbidea erritmo lasaian eta sei bat ordutan edonork egiteko modukoa da, baldin eta oinez sarri jarduten badu. Txango honetarako ez da ezer ordaindu behar, doan baita kartelean iragartzen denaren arabera. Dena den antolatzaileek aldez aurretik izena ematea gomendatu dute, horretarako artarrai@euskalnet.net postontzira idatzi edo 638 050634 telefonora parte hartzaileei Errekalden hamaiketakoa eskainiko baitiete eta taldearen kopurua ezagutzea komenigarria zaielako. Iaz berrehun lagunek parte hartu zuen ibilbidean. Ea aurtengoan pertsona gehiago animatzen diren.
Txangoa orain lau urte antolatu zen estreinakoz eta ‘Mugarriz Mugarri’ izenaz da ezaguna, lurrak edo mugak markatzeko erabiltzen diren harriei ematen zaien izena bera erabiliz. Tamainari erreparatuz gero, Ermua nahiko txikia da 6,49 Km2 besterik ez baititu. Inguratzen gaituzten guztiek tamainaz are handiagoak dira.
Hori horrela, txikitxoa izatean aukera ematen du ibilbide osoa egun bakar batean egiteko, herrian ditugun baserri bakanak bisitatuz eta gure mugak Mallabia, Zaldibar edo Eibarrekiko markatzen dituzten mugarriaz zapalduz. Ibilbide honetan Urko mendi gainera ere igoko da, gure lurraldean dugun mendirik garaienera, nahiz eta bere tontorra Eibarko lurretan duen.
Ibilbidea ondokoa da: Sallabente, Eitza, Telleria eta Ureta baserriak, 634 errepidea eta TVA enpresa, Mallamendi, kanposantua, Errekalde, Urko gaina, Hirumugarre (721 m), Urko (791 m), Elorreta goikoa, Karia eta Sallabente.
Lotutako albisteak

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke

Maiatzaren 15eko saiorako izen emateak zabalik daude. Saioa 17:30etik 19:30era egingo

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko