‘Madre!’ eta ‘La Cordillera’ filmek amaiera emango diote urriko zine programazioari
Zine aste berriari hasiera emango diogu ostegunean, asteroko legez. Zineklubean Fonko dokumental suediarra ikusteko aukera izango dugu, L. D. Jadama, L. Loven eta G. Olssonek zuzendutako zinta harrigarria. Lanak agerian jartzen du Afrikan ekoizten ari den musika garaikideak duen indarra eta modernotasuna. Sudafrikatik Ghanara, Kongo nahiz Nigerian ikus daiteke gazte afrikarrak musika berritzeko eta dibertitzeko duten grina oso handia dela, munduko beste gazteek erakusten dutenaren parekoa. Afrikarrek duten musika nahiz kultura aniztasunak agerian jartzen dute imajinazioan, berrikuntzan, energian eta kalitatean Europakoen edo Ipar Amerikakoen maila berean daudela. Fonko lanaren proiekzioa Press & Play jaialdiaren baitan dago, zeina aste honetan eta hurrengoan mamituko den gure herrian. Zinta jatorrizko bertsioan emango da, azpitituluekin iluntzeko zortzi eta erdietatik aurrera.
Zine komertzialaren txanda larunbatean hasiko da, arratsaldeko zazpi eta erdietan La Cordillera filmaren lehen proiekzioa izango dugunean. Intriga politikoko lan honen zuzendaria Santiago Mitre da eta aktore protagonista, Donostia saria jaso berri zuen Ricardo Darín aktore handia. Latinamerikar presidenteen bilera garrantzitsu batean Argentinakoak drama politiko eta familiarrari aurre egin behar dio, antzinako mamuak biziaraziz berriz ere. Filma bikaina da, trama ezberdinak uztartzen dituena, zinematografi apustu jakintsua osatuz. Ezin egona, intriga, drama eta paranoiak eskutik doaz filma honetan, non agerian geratu da Ricardo Darinen maisutasuna interpretazioan, pertsonai poliedriko eta txundigarri bati bizitza ematean. La Cordillera larunbat arratseko zazpi eta erdietan. Igande gaueko 10etan eta astelehen iluntzeko zortzi eta erdietan ikusi ahal izango dugu.
Asteburuko bigarren proposamena beste filma ospetsu bat izango da; Darren Aronofskyk zuzendari polemikoaren Madre! hain zuzen ere. Aronofsky El Luchador, Cisne Negro eta Noé titulu ederren autorea ere bada. Luxuzko aktore bilduma du, besteak beste, ondoko partaideak agertzen baitira: Jennifer Lawrence, Javier Bardem, Ed Harris, Michelle Pfeiffer eta Domhnall Gleeson. Madre! Lanak aldeko nahiz kontrako ikusle eta kritikoak izan ditu, batzuentzat lan imajinatiboa da eta, besteentzat, esperpento hutsa. Betiko lez, onena norberak ikusi eta baloratzea izango dugu, hori bai, aldez aurretik jakinda ez duela inor epel utziko. Bikote bat landetxe bakarti batera bizitzera doa. Gizona olerkari heldua da, krisialdi orduetan dagoena, eta emakumea, gaztea eta etxebizitza berria egokitzen zentratzen dena. Ezusteko bisita izateak bikotearen egonkortasuna muturreraino kolokan jarriko du. Kezkagarria, ausarta eta distiratsua, behar bada urteko filma lazgarriena izan daitekeena. Madre! Larunbat gaueko 10etan eta igande arratseko zazpi eta erdietan ikusteko aukera izango dugu.
Azkenik, igandeko 5etan eta haurrentzako saioan marrazki bizidunak izango ditugu, Capitán Calzoncillos, su primer peliculón tituluarekin. Haur literaturako pertsonaia estreinakoz izango dugu pantaila handian. Dibertsioa ziurtaturik dugu.
Argibide gehiagorako ikus Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du