Kataluniaren eta herriko jaien inguruko mozioak izan dira nagusi hileko Osoko Bilkuran

25.10.17
Erakundea

Ermuko Udala udako oporren osteko lehenengo Osoko Bilkura saioan batu da urriaren 17an, asteartea. Eguneko gai-zerrendan 10 puntu izan ditu bilerak, eta udaleko talde politiko ezberdinek aurkeztutako mozioek garrantzi eta indar berezia izan dute.

Hogeita hamar pertsona inguru gerturatu dira udal bilkuran parte hartu eta bertan izan diren 15 zinegotzien adierazpenak gertutik jarraitzeko (EAJren aldetik, Jol Gisasolak Silvia Serranoren ordezkari gisa jarraitzen du), Udal Idazkari berriak bere lehenengo Osoko Bilkura saioko aktan jaso duen moduan.

Hasierako informazio eta aurkezpen minutuen ostean, eguneko lehenengo bozketa garrantzitsua laugarren puntuarekin batera iritsi da. Bertan, Ostalaritzako establezimenduen ezarpena eta jarduera arautzen duen Udal Ordenantza ia aho batez onetsi da (EH Bilduko kide baten abstentzioa izan ezik, beste guztiak alde). Gaia Informazio Batzorde ezberdinetan aurrez landuta ekarri dute Osoko Bilkurara, bertaz, bozkatzerako orduan ez da zailtasunik aurkeztu. Azpimarratzekoa da ‘arau lanketaren arrastoa’ jarraituz onartu den lehenengo ordenantza izan dela; hau da, araudia eratzeko prozesua abiatu aurretik, hiritarrei aurretiazko kontsulta egin zaie euren ekarpenak eta proposamenak jasotzeko.

Jarraian, EUDELek bultzatuta, gobernantza gaietako europar bikaintasun-zigiluaren proiektu-pilotuan Ermuko Udalak parte hartzea onartu da, baita turismo sektorea babesteko PP, PSE-EE-PSOE eta EAJ-PNV udal taldeek aurkeztu duten baterako mozioa ere, nahiz eta beste udal talde guztiak aurka agertu diren.

Ezustekoa bozkaketan

Eguneko gai-zerrendako azkenengo puntuak izan dira, zehazki, zeresan gehien eman dutenak. EH Bilduk, batetik, eta EAJk, Irabazik eta Se Puede Ermua Ahal Dak bestetik, Katalunian bizi den independentzia prozesuaren inguruko bi mozio aurkeztu dituzte. Parte-hartze txanda ezberdinetan euren ikuspuntua aurkeztu ostean gai-zerrendara ezeste moduan eraman diren bi mozioak bozkatu ditu Udalbatzak, eta hor izan da ezustekoa askorentzat. Izan ere, EH Bilduren mozioa atzera bota den arren, EAJk, Irabazik eta Se Puede Ermua Ahal Dak batera aurkeztu duten dokumentuak ezestearen aurkako 9 boto jaso ditu (hau da, mozioaren alde) eta atzera botatzearen aldeko 7 boto (tartean, Gobernu taldea). Beraz, mozioa onartu egin da.

Saioko azkenengo mozioa gobernu taldeak jaien politizazioaren inguruan aurkeztu duena izan da, eta zinegotziek nahiz publikoan egon diren hainbat pertsonek eztabaida bizi batean parte hartu dute, saioan bildutako norbanakoen eta kolektiboen iritzi eta ikuspuntu ezberdinak argi islatuz. Horrela, ordubete baino gehiago iraun duen eztabaida parte-hartzailearen ostean, Udalbatzak mozioa onartzea erabaki du, aldeko 10 botorekin (PSE-EEk 6, EAJk 3 eta PPk 1) eta aurkako seirekin (EH Bilduk 3, Se Puede Ermua Ahal Dak 2 eta Irabazik 1).

Hiru ordu eta erditik gora iraun du saioak, eta bideo osoa, gaika eta partaideka banatuta, jarraian duzuen bideoan ikus daiteke. Gainera, saioko dokumentazio osagarri guztia orri honetan kontsultatu daiteke.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean
Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua