Ate joka dugu San Martin azokaren XXVIII. edizioa
Euskal Birusa elkarteak San Martin Azokaren hogeita zortzigarren edizioa antolatu du larunbat honetarako, azaroak 11. 11:00etatik aurrera, egun osoan zehar izango diren ekintza anitzez gozatzeko aukera izango dugu, eta nekazarien lehiaketa izango da jardunaldiko erdigunea.
Bost kategoriatan banatutako 40 postu inguruk parte hartuko dute aurten San Martin azokako nekazarien lehiaketan: 12 postu fruta eta ortuarien atalean, 7 gaztaren kasuan, 8 ogiaren atalean, 4 eztiaren kasuan eta beste 4 sagardo eta txakolin kategorian. Gainera, beste 6 postu izango ditugu herrian marmelada ekologikoak, txerrikiak, ahatekiak, intxaurrak eta abar erakusteko, beste 17 artisau postu eta herriko 3 ikastetxetako erakusketak.
Nekazarien lehiaketaz gain, aurten ere animalien erakusketa izango dugu Valdespina Markesaren partean, eta Errekaldetik ehun bat buruko artaldea eta bost asto jaitsiko dira herrira. Gainera, herri kirol erakustaldiak, dantzak, kalejirak, erromeriak eta zozketak ere izango dira egun osoan zehar.
Bestalde, ohiko moduan, babajan herrikoa ospatuko da 15:30etik aurrera Merkatu plazan, festan jarraitu ahal izateko indarrak hartzeko. 15 euroko prezioa du txartelak, eta horrekin janaria (babak, odolkia, txorizoa eta saiheskia), postrea, edaria eta kafea eskuratu daitezke. Txartela Erdikokale 2-1 helbidean edota 688 63 28 74 telefono zenbakian lortu daiteke.
Euskal Birusa elkarteak gogorarazten du azoka honetan lortzen den dirua (bai zozketekin, bai pintxoen, taloen eta edarien salmentarekin) jardunaldia bera antolatzeko erabiltzen dela, baita bestelako ekimenak finantzatzeko ere, hala nola, Drogetenitturri aldizkaria.
San Martin Azokaren XXVIII. edizio honetako programa honakoa da:
- 11:00: San Martin Azokaren irekiera
- Musika Eskolako trikitilari eta txistulariekin kalejira
- Arrasateko gaiteroekin kalejira
- Haurrentzako jolasak Kulkirekin eta ikastetxeen postuak San Martin plazan
- Artaldearen eta astoen jaitsiera Errekaldetik Valdespina Markesaren parkera
- Animalien erakusketa Valdespina Markesaren parkean
- Idi parea Probaleku kalean
- Artisauen postuak Santiago plazan eta Valdespina Markesaren kalean
- Txerriaren zozketarako txartelen salmenta herriko kaleetan
- Baserritar jantzien argazki lehiaketa (18:00ak arte sare sozialen bitartez)
- Zenbat pisatzen du txerriak? Errifa (14:00ak arte)
- 10:00 – 12:30: Baserriko erreminten erakusketa Lobiano Kultur Gunean, Eskolabarriren eskutik
- 12:30: Euskal dantzak Txindurri txistu eta dantza taldearen eskutik Orbe Kardinala plazan
- 13:00: Herri kirolak Konbentukua kalean
- 13:30: Nekazarien lehiaketako sari banaketa Orbe Kardinala plazako kioskoan
- 15:30: Babajan herrikoia Merkatu plazan
- 18:00: Luhartz taldearekin erromeria Orbe Kardinala plazan
- 18:00: Pilota partidua Aritzmendi pilotalekuan
- 19:00: Arrasateko gaiteroekin kalejira
- 19:30: Larraindantza Orbe Kardinala plazan eta errifako eta argazki lehiaketako sari banaketa
Lotutako albisteak
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko